Konponbide demokratikoen prozesuaren garapenean euskal gizartea berme bakarra izango dela dio Gernikako Akordioak. Eta ideia hori praktikara eramateko asmoz, herritarren parte-hartzeari bultzada eman nahi diote sustatzaileek. Hala adierazi zuten atzo Gasteizen, Gernikako Akordioaren aurkezpen ekitaldian. Laster, Arabako zortzi eskualdeetako «herri, lantegi nahiz saltokietan» Gernikako Akordioaren dokumentua egongo dela hitz eman zuten.
Gernikako adierazpenaren oinarriekin bat egiten duten eragile ororen sinadura eta parte-hartzea behar-beharrezkoa dela adierazi zuten Gasteizko aurkezpenean, eta, hargatik, Arabako txoko guztietan Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa aurkeztu eta zabaltzeko konpromisoa hartu zuten. «Zinez uste dugu jendarteak akordioa bere egiten badu ez dela hutsean geratuko, eta edonolako milaka eta milaka eragilek sinatu eta berau bultzatzeko konpromisoa hartzen badute akordioak egin beharreko bidea irekitzen joango dela».
Orain arte Gernikako Akordioari babesa eman dioten sinatzaileen zerrenda handia bada ere, gatazka politikoa bake egoera batera bideratzearekin bat datozen eragile guztien sinadura ezinbestekoa dela adierazi zuten.
Arabako ordezkariak
Gasteizko Guridi zinemak jendez lepo bete ziren atzo Gernikako Akordioaren aurkezpen ekitaldia jarraitzeko. Aralar ez gainerako alderdi eta eragileetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean. Aurreskuaren eta bertsoen ostean, oholtza gainera igo ziren akordioa sinatu duten Arabako eragileen ordezkari bana. Atzean, Picassoren Gernika koadroaren irudia ageri zen, «Euskal Herrian bizi den gatazka luzearen adierazle», antolatzaileek adierazi zutenez.
Gernikako Akordioa euskaraz eta gaztelaniaz irakurri ondoren, gatazka politikoaren aurrean Euskal Herrian «aukera eta baldintza berrituak» irekitzen ari direla azaldu zuten. Hala, Gernikako akordioaren bidez, gatazka politikoa eta «borroka bortitza» bake jokalekurantz eta konponbide demokratikorantz bideratu nahi dela esan zuten. «Sakontasun handiko hitzak dira, baina baita ilusioz betetzen dutenak ere, hainbat eragileren arteko adostasunak ilusioa eta itxaropena baitakar berarekin».
Gernikako Akordioa Araba osora zabaltzeko konpromisoa hartu dute
Gizarteak adierazpena bere egiten badu ez dela «hutsean» geratuko adierazi dute sinatzaileek, Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu