Gernikako Akordioa: «Atxiloketak prozesuaren aurkako eraso larria dira»

Ugaitz Errazkin eta Jose Javier Oses poliziaren esku daude oraindik, epaileen aurrera eramateko zain

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak herenegun elkarlanean egindako atxiloketak «prozesuaren aurkako eraso larria» direla salatu du Gernikako Akordioak; «are gehiago, ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik elkarrizketarako borondatea erakutsi duelarik». Euskal Herriko eragileek ez ezik, nazioarteko «pertsona garrantzitsu askok» ere horixe pentsatzen dutela dio, gainera, Gernikako Akordioak, komunikabideetara igorritako oharrean.

«Konponbidearen kontrako norabidean» urratsak egiten aritzea egotzi diete akordioaren sinatzaileek Espainiako eta Frantziako estatuei. Eta hori, atxiloketekin ez ezik, «Bildu legez kanpo uzteko mamua zabalduz» ere erakutsi dutela gaineratu dute.

«Blokeo jarrera horretan» ezin direla gotortu ohartarazi diete estatuei, gogora ekarriz, nazioarteko komunitateak eskatzen diena bestelakoa dela: «Konponbide demokratikoaren norabidean urratsak egin behar dituzte, behingoz normalizazio politikoaren alde jarrera aktiboa hartu behar dute».

Gernikako Akordioaren sinatzaileek bereizi egiten dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrerak eta egitekoak. Honela dio bigarren horretaz: «Heldu berria den Frantziako Gobernuak ere bere jarrera positiboa eta prestasuna erakutsi beharko luke, eta ez inertziaz iraun, orain arte izan duen posizioan».

Konponbidearen alde lan egin behar dela uste dute akordioaren sinatzaileek. Lanerako arrazoiak asko direla uste dute, eta «konponbide demokratikoaren aldeko erabakitasuna» handitzen ari dela diote. «Berandu baino lehen mugiaraziko ditugu, konponbidea irabaziko dugu».

Bien bitartean, Frantziako Poliziaren esku dauzkate oraindik, inkomunikatuta, herenegun Frantziako Albi herrian atxilotu zituzten Ugaitz Errazkin eta Jose Javier Osesek. Frantziako Poliziak 96 orduz eduki ditzake inkomunikatuta epaileen aurrera eraman aurretik. ETAko kide izatea egotzi die biei Espainiako Barne Ministerioak. Zehazki, Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi zenaren eta Inazio Uria Azpeitiko enpresaburuaren kontrako atentatuetan parte hartzea egozten diote Errazkini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.