Gernikako Akordioak dio EPPKren erabakiak eragin politiko sakona izango duela

Auzitegiak ez du onartu presoen kolektiboaren eztabaidaren ondorioak iragartzeko agerraldia debekatzeko eskaria

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) iazko udazkenean abiatu zuen barne eztabaidaren emaitza gaur ezagutaraziko da, Gernikan egingo den ekitaldi batean, eta, Gernikako Akordioak ohartarazi duenez, eragin politiko sakona izango dute eztabaidaren ondorioek: «Gernikako Akordioaren inguruan bildutako eragileok ez dugu zalantzarik presoen kolektiboak hartutako erabakiak eragin politiko luzekoak direla».

Ohar baten bidez, sinatzaileekjakinarazi dute presoen kolektiboaren bitartekari talde batekin bildu zirela ostegunean, eta zuzenean jaso zutela kolektiboak hartutako erabakien berri. Gaur entzungo direnek eragin politiko handia izango dutela ondorioztatu dute.

Presoen erabakia babestuko dutela ere iragarri dute. Izan ere, eztabaidaren ondorioen edukiak plazaratzeko gaur Gernikan egingo den ekitaldian akordioa sinatu duten alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileen ordezkaritza bidaliko dutela jakinarazi dute.

Lehendakariaren esperantza

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esperantza azaldu du presoen erabakiak ekar dezakeenaren inguruan. «Oso gauza garrantzitsua esango dutela iragarri dute», azaldu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Hain zuzen, lehendakariak espero du kolektiboak banakako aterabideei heltzea.

«Baina etorkizuna bere eskuetan dute», zehaztu du. «Herri honetan, legeek eta espetxe politikak zigortua gizarteratzea dute helburu». Esan du presoek «ibilbide demokratikoa» egin behar dutela horretarako: «demokraziaren oinarriak» bere egin, «indarkeriazko iragana hautsi», eta duten «erantzukizuna» onartu behar dutela.

«Ez dago neurri kolektiborik, baina badago bide bat orain arte demokraziari eraso diotenak gizarteratzeko», zehaztu du. Guztiak «demokraziara sartzeko» apustua egin du, hori guztientzat onuragarria delakoan.

Auzitegiaren baimenarekin

EPPKren barne hausnarketaren ondorioen berri emateko gaur egingo den ekitaldia Espainiako Auzitegi Nazionalaren baimenarekin egingo da. Dignidad y Justicia elkarteak ekitaldia debekatzeko eskatu zion auzitegiari, han «terrorismoa goratuko» dela argudiatuta. Debekua eskatzeko, DyJ elkarteak esan du EPPK legez kanporatu gabe dagoen arren ETAren «sarearen zati» dela.

Ezezkoa eman dio, ordea, Auzitegi Nazionalak. Epailearen hitzetan, akusatzaileak helarazitako dokumentuetan oinarritutaezin da ondorioztatu ETA goratzeko edo biktimak mespretxatzeko antolatu dela ekitaldia, eta, beraz, ezin da debekatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.