Gernikako Akordioa. Urteurrena

Gernikako itunarekin bat egin du EPPK-k, prozesua bultzatzeko

Akordioaren edukien arabera, «prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa» hartu du kolektiboakGatazkari «konponbide integrala» emateko erreferentzia da ituna, EPPKren irudiko

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioarekin bat egitea erabaki du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eta hango edukiak bere egiten dituela jakinarazi du, BERRIAra igorritako ohar batean. Kolektiboak akordioa osorik ez zuela bere egingo iradokiz azken egunetan zabaldu diren espekulazioak isiltzeko moduan mintzatu da, gainera, EPPK, garbi: «Eszenatoki demokratiko hori gauzatze bidean erreferentzia da Gernikako Akordioa EPPKrentzat, eta hein horretan Akordioarekin bat egiten dugula adierazi nahi diogu euskal jendarteari. Gatibu gauzkaten estatuek inposatzen dizkiguten muga eta traba guztien gainetik, EPPK-k, Gernikako Akordioaren baitan eta Gernikako Akordioaren edukiaren arabera, prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa azaltzen du».

Bihar beteko da urtea hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Bakebidean aterabide demokratikoen akordioa agiria sinatu zutenetik. Ekitaldi bat egingo dute Gernikan bertan eguerdian, eta han gauzatuko da EPPK-k akordioari azaldutako atxikimendua.

Gernikako Akordioa erreferentziatzat dauka EPPK-k «horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkari behin betiko konponbide integralera» bidean, «Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua bermatuko dituen eszenatokira bidea egiteko».

Presoen eskubideez hitz egiten du Gernikako Akordioak, besteak beste. «Espetxe politika eteteko» eskatzen du, eta amnistiara bidean, sakabanaketa amaitzeko, gaixo dauden presoak etxeratzeko, preso prebentiboak aske uzteko, legeak agintzen duena betea dutenak baldintzapean askatzeko, espetxe onurak ezartzeko eta zigorraren muga 40 urtean ezartzen duen legea indargabetzeko.

Horrez gain, EPPKren iritzian, Gernikako Akordioaren sinatzaileek «zutoin garrantzitsu» bat jarri dute EPPKren estatus politikoaren gauzatze praktikoan: «EPPKren eragiletzaren aitortza eta hain beharrezkoa den prozesuan parte hartzearen egikaritzean urrats ikaragarria eman du».

Izan ere, EPPK-k akordioarekin bat egitea ez da ezerezetik sortu. Sinatzaileek eta presoek harremanak izan dituzte aurretik, nahiz eta Espainiako Espetxe Erakundeek horretarako zailtasunak jarri. Sinatzaileak EPPK-ko bozeramaileekin bilera egiten saiatu dira, etaMadrilen ere izan ziren, Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendariarekin bilera egiteko asmoz. Ofizialki bilera egiteko baimenik ez dute lortu, baina, EPPK-k agirian dioenez, harremanak egon dira, «inportantea» izan den «argipen prozesua» betez. «EPPK-k bere baitan hartutako ildoaren norabidean, dagozkigun eskubideak inolako kontrapartidarik gabe eta berehala aplikatu beharra argi geratu da», dio agiriak.

Bide horretan itunaren sinatzaileek izandako jarrerarekin eskertuta dago EPPK: «Mintzatu, iritziak elkar trukatu eta, finean, EPPK akordioaren parte izan eta era normalizatuan bere garapenean eta jardunean parte hartu ahal izan dezanesfortzua eskatu genien eragileei.Eredugarria eta txalotzekoada gure gonbiteak jaso duen harrera eta Gernikako Akordioak emandako erantzuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.