Gernikako Itunaren sinatzaileekin harremanetan jarri nahi du EPPK-k

Prozesu demokratikoa ezaugarritu eta martxan jartzeko ahaleginean parte-hartze zuzena izan nahi duela dio

Euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatu zuten Bilbon atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak parte-hartze zuzena eduki nahi du «prozesu demokratikoa ezaugarritu eta abian jartzeko ahaleginean». Gernikako Ituna sinatu duten eragileen ordezkaritza ofizial batekin harremanetan jartzeko urratsak egin dituela jakinarazi du. «Prozesu demokratikoa ezaugarritu eta abian jartzeko ahalegin horretan, harremanak normalizatu eta prozesuan EPPKren parte hartzea bermatzeko ahalegina eskatu diegu aipatu eragileei. Gernikako akordioaren ordezkaritza ofizial bat EPPK-k izendatua duen mintzakidetzarekin harremanetan jar dadin da eskatu dieguna hain zuzen ere».

BERRIAra igorritako agiri batean EPPK-k nabarmendu du bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean, urrats «garrantzitsua» dela Gernikako Ituna. Sinatzaileek euskal preso politikoentzat amnistia eskatzeak eta haien eskubideen aitortza eta errespetua galdegiteak EPPKrekin «erabateko lotura duten gaiak» direla eta «zuzen-zuzenean eragiten» diotela adierazi du. Hori dela eta, Gernikako Ituneko eragileek diseinatu duten estrategian parte hartzeko «prestatutasuna eta grina» agertu du.

BERRIA eta Gara egunkariek abenduaren 24an kaleratutako ohar batean, EPPK-k adierazi zuen ezker abertzaleak zehaztutako prozesu demokratikoaren aldeko apustuarekin bat egiten zuela, eta prozesua «garatu eta gauzatu beharra» dagoela aldarrikatu zuen, konponbide demokratikora daraman ibilbidea delakoan. Ibilbide horretan «murgilduko» zela adierazi zuen: «Gure isolamendu politikoa bilatzen duen politika krudelaren gainetik, EPPK ibilbide politiko horretan murgildurik izanen da, eragin egingo dugu, nola ez, bada. Gure izaeraren aitortza eta Estatuen gure aurkako jarrera bortitzaren etenak, prozesua abiatze edota indartze aldera, gutxiengo baldintza demokratikoetan kokatuak eta lortuak izan behar direlakoan gaude. Presoon estatus politikoaren aplikazioaz ari gara; jasan beharreko tratu duinetik hasi eta prozesuan geure parte hartzeraino, eskubide zibil eta politikoen aldarri taularen errespeturaino, gure errekonozimendu politikotik pasatuz», adierazi zuen.

Idatzi horretan esandakoa berretsi egin du EPPK-k agiri berri horretan, eta «Euskal Herriarentzako marko demokratiko bat eraikitzea helburu duen prozesu demokratikoan» ekarpenak egin eta prozesu bera ezaugarritzeko eztabaidan «parte aktibo» gisa aritzeko nahia agertu du. «Urte luzeetan egin dugunari jarraiki, une honetan ere, EPPK eragile politiko aktibo gisara arituko da. Gure kolektiboaren existentzia osoan zehar bezalaxe, gauden, gauzkaten ziegetatik, Euskal Herriaren askapen prozesuari gure ekarpen xumea egiteko borondate irmoa daukagu».

Estatuen jarrera

Era berean, eta abenduaren 24an kaleratutako agiriaren ildotik, EPPK-k adierazi du prozesua indartze aldera, Espainiako eta Frantziako estatuek presoen aurkako jarrera eten behar dutela. «Atxilo hartu gintuztenetik etengabeko erasoak pairatu behar izan ditugu, polizia etxeetako tortura saio basatietatik hasita espetxean inposatzen dizkiguten bizi baldintza ankerretaraino».

EPPKren aburuz, «sakoneko helburu» bat dute Espainiako zein Frantziako estatuen espetxe politikek. Kolektiboak salatu duenez, presoak «tresna gisa» erabiltzen dituzte Euskal Herriaren «ukazioa betikotu eta aterabide demokratikoa ekiditeko». «Euskal Herriak bere buruaren jabegoa, autodeterminazio eskubidea alegia, bereganatzeko daraman borroka baldintzatzeko tresna bihurtu nahi gaituzte. Ez dute baina horrelakorik lortu gaurdaino. Ezta lortuko ere! EPPK osatzen dugun euskal herritarrok erabateko determinazioa dugu. Euskal Herria izango da! Hori da gure borroka. Eta helburu horretan gaur arteko errepresioaren bidezko erabilpen politiko saioei aurre egin diegun bezala, etorkizunean ere aurre egiteko determinazioa erabatekoa daukagu», adierazi du EPPK-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.