Gernikako Sare Feministak gaitzetsi du gizon batek gezurrezko identitateak erabili izana «hainbat emakumez probesteko»

Gisako horretako erasoak gertatzean instituzioek erakusten duten «pasibotasuna» salatu dute feministek, eta justizia feministaren alde egin.

Gernikako Sare Feminista Bilboko Justizia Jauregiaren aitzinean, artxiboko irudian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gernikako Sare Feminista Bilboko Justizia Jauregiaren aitzinean, artxiboko irudian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko maiatzaren 1a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

«Mehatxu egitea, estortsioa, emakumeak sozialki bakartzen saiatzea... indarkeria da. Hura jasaten dutenak hauskor, zalantzati eta mesfidantzaz beteta, hau da, babesgabe utz ditzakeen indarkeria matxista». Argi mintzatu da Gernikako Sare Feminista El Correo hedabidean zabaldutako indarkeria matxista kasu batez: hain zuzen, taldeak erran duenez, Gernikako (Bizkaia) gizon batek identitate faltsuak erabiltzen zituen sare sozialetan, emaztekiekin harremanak izateko eta horietaz «probesteko». Gertatutakoa gaitzetsi dute feministek, eta gisa horretako jokabideei buru egiteko «elkar zaindu» beharra dagoela erran.

«Gizon horrekin harremana izan duten emakumeek euren bizitza eta konfiantza eskaini dizkiote benetakoa ez zen pertsonaia bati, jakin gabe aurrean zuten hori eta alboan egoten uzten zioten hori egiatan beste norbait zela», dio zabaldu duten oharrak. Nabarmendu dute errespetatzen dutela bizi duten horri buruz solastatu nahi ez duten emakumeen hautua, eta, aldi berean, txalotu egin dute «ahotsa altxatzea» erabaki dutenen keinua. «Beste emakume batzuk zaintzea eta jokaera hori etetea baino ez baitute helburu».

Instituzioei ere mintzatu zaizkie, eta «pasibotasunez» jokatzea egotzi diete. Izan ere, gizon horri leporatutakoaren gisako jokabideak ez daude delitu gisa jasoak Zigor Kodean, eta, taldearen irudiko, hori argudio gisa darabilte «besoak gurutzaturik geratzeko». «Emakume horiei eraso egin diete; beraz, erreparazioa behar dute jasan duten eta sentitzen duten horregatik». Hortaz, bertze behin, justizia feministaren beharra azpimarratu dute: hain zuzen, hori lortzeko bidean «hausnarketa egitera eta neurriak hartzera» deitu dituzte zerbitzu publikoak, baita eragile sozial eta politiko guztiak ere. «Biktimei eragindako mina erreparatzeaz gain, batetik, biolentzia honen inguruan hausnartu beharko genuke komunitatean, eta bertan sortutako zauriak sendatu; eta bestetik, biolentzia hori eragiten duten gizonak horrelakorik berriro ez egiteko prozesuan kokatu beharko genituzke», borobildu dute.

Bien bitartean, autodefentsa feministaren beharra defendatu dute, eta emaztekiak saretzera deitu dituzte, lotsa eta beldurra aldez aldatu daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.