Denetarik ixteko baliatu dute munduko agintariek gaurko arratsaldea. Eskolak, hotelak eta mugak, besteak beste. Gero eta herrialde gehiagotara zabaltzen ari dira koronabirusaren epidemiari aurre egiteko muturreko neurriak.
Euskal Herrian ia astebete igaro da eskolak itxi zirenetik; aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea erabaki zuen Jaurlaritzak. Orduan, 14 eguneko itxialdia agindu zuen Hezkuntza Sailak. Gaur bidalitako aginduan, ordea, itxialdia «beste abisu bat eman arte» luzatu duela jakinarazi du Jaurlaritzak.
Hendaian, beste bi itxiera: atxikitze zentroarena eta Euskotrenen geltokiarena. Atxikitze zentroa hesteko erabakia Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak hartu du. Egoera sanitarioa larritzen ari zela eta, bertan zeuden migratzaile guztiak aske uzteko eskatu zuten Cimadeko langileek, eta, hala, atxikiak ziren ia guztiak kanpora atera dira. Tren geltokia, berriz, itxita egongo da bestelako aginduren bat jaso artean.
Madrildik ere heldu dira ixteko aginduak. Gaur jaso dute abisua establezimendu turistiko guztiek, eta zazpi eguneko epea izango dute dituzten bezeroak kanporatu eta ateak ixteko. Gehienek egunak zeramatzaten bezero gutxirekin edo bat ere gabe.
Neurri horiek ondorioak dituzte, ordea. Dagoeneko enplegua aldi baterako erregulatzeko 653 espediente aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian; 9.222 langileri baino gehiagori eragiten diete aurkezturiko espedienteek. Araban 61 aurkeztu dituzte (1.457 langile), Bizkaian 390 (6.434 langile), Gipuzkoan 101 (1.331 langile), eta Nafarroan 101 (Gobernuak ez du eman kalteturiko langileen kopurua).
Espainian, alarma egoeraren luzapenaren inguruko eztabaida martxoaren 25ean egingo dute Kongresuan. Gobernuak gehienez hamabost egunez ezar dezake, eta Kongresuaren oniritzia behar du luzatzeko.
Nazioartean, muga garrantzitsu batzuk itxi dituzte gaur: batetik, Israelek Zisjorjania eta Gazarekin dituenak; bestetik, Amerikako Estatu Batuen eta Kanadaren artekoa. Donald Trump AEBetako presidenteak azaldu duenez, «bien arteko akordio bidez, Kanadarekin dugun gure iparraldeko muga itxiko diogu beharrezkoa ez den trafikoari. Merkataritzari ez dio eragingo».
Ikuskizunaren kalterako
Gaur bertan behera geratu den beste jaialdi enblematiko bat Eurovision izan da. Neurria «ekidin ezina» zela adierazi du NPO komunikazio enpresako presidente Shula Rijxmanek. Aurtengo edizioa Rotterdamen (Herbehereak) zen egitekoa.
Euskal Aktoreen Batasunak, berriz, ETBren, K2000ren eta Mediaproren jokabidea salatu du. Agiri batean salatu dutenez, zenbait gertaera «larri» eta «ardura handikoak» izan dira beren sektorean.