espainiako hauteskundeak

'Geroa Bai' izena du Zabaltzen eta Nafarroako EAJren koalizioak

Uxue Barkos izango da zerrendaburua. Kongresura "Nafarroa anitzaren eta ezkertiarraren ahots propioa" eraman nahi dute. Amaiurren aldean "programa desberdina" dutela diote, baina ez dutela nahi harekin "konfrontaziorik". "Etorkizuneko proiektua da hau".

joxerra senar
2011ko irailaren 30a
16:44
Entzun

Zabaltzen, Nafarroako EAJ eta Atarrabia Taldearen Espainiako hauteskundeetarako koalizioak badu izena: Geroa Bai. Gaur goizean jakinarazi dute, Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Uxue Barkos Zabaltzeneko kidea izango da Geroa Bairen zerrendaburua. Legealdi honetan Kongresuan diputatua izan da hura, Nafarroa Baitik, eta berriro aulkia lortzea "zaila" izango dela airtortu badu ere, diputatu bat erdiesteko xedea dutela esan du. Iruñeko zinegotzi izaten segituko duela ere adierazi du Barkosek (NaBaitik da), "proiektu berak baitira".

Geroa Baiko zerrenda osatzear dutela iragarri dute agerraldian, eta dena osatutakoan emango dituzte izen denak.

Aralar NaBaiko kideak ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin azaroaren 20ko Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozetarako koalizioa —Amaiur— sortzea erabaki zuela-eta Zabaltzen plataforma eratu zuten duela aste batzuk NaBaiko independenteek. Ezin izan diote, ordea, 'Nafarroa Bai' markari eutsi, Aralarrek erregistratua baitu. 2008ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan NaBaik 62.398 boto lortu zituen —herrialdeko bigarren indarra izan zen; aurrena UPN, 131.618 boto—.

Kongresura "Nafarroa anitzaren eta ezkertiarraren ahots propioa" eramateko asmoz eratu dute Geroa Bai, Barkosek adierazi duenez. Amaiurren aldean "programa desberdina" da Zabaltzen eta EAJren koalizioa, baina harekin "konfrontaziorik" ez dutela nahi azaldu dute.

"Etorkizuneko proiektua da hau", esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.