Geroa Baik hiru batzordetako buruzagitzak lortuko ditu

Zazpi lehendakaritza kentzeko arrazoiak «gezurra» direla salatu du UPNk, eta auzitara jotzeko prest da

Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea, atzo. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bilkuran, UPNri zazpi batzordetako buruzagitzak kentzeko eskaerari bide eman zitzaion atzo. Joan den astean aurkeztu zuten idatzia PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, eta batzorde bakoitzera deitu ahala kenduko zaizkio lehendakaritzak UPNri. Zazpitik hiru Geroa Bairen eskuetan geratuko dira: Industria, Osasuna eta Landa Garapena. EH Bilduk, berriz, Pirinioetako Mahaiarena izango du. Halaber, EH Bilduk ordezkaritza izango du Ekonomia eta Ogasun batzordean, eta UPNk gehiengoa galduko du.

Batzordeetako lehendakarien zeregin nagusia izaten da bertan egiten diren eztabaidak zuzentzea. Irailean, baina, UPNren esku zeuden batzordeetako lehendakaritzek erabaki arbitrarioak hartu zituzten, eta Nafarroako Gobernuko kontseilariei, kasurako, bigarren txandan hitza emateko aukera kendu zieten. PSNko Ramon Alzorrizek salatu zuen ez zutela bete Parlamentuko Araudia, eta batzordeen «erabilera politikoa» egin zuela UPNk. UPNko Javier Esparza oso haserre agertu zen atzo, eta salatu zuen PSNk «gezurra» esan zuela. Auzitara jotzeko prest azaldu zen.

EH Bilduko Laura Aznalen arabera, irailean aukera galdu zen. «Guk hitz egin, negoziatu eta hitzartu egiten dugu instituzioetan gehiengo aurrerakoiak egon daitezen». Geroa Baiko Pablo Azkonaren hitzetan, garrantzitsua da akatsa konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.