Aiala Zaldibar eta Iraitz Gesalaga Espainiaren esku uzteko eskaera ontzat eman du Frantziak. Espainiako Auzitegi Nazionalak bien kontra igorritako euroaginduak ontzat eman ditu Paueko Auzitegiak.
Urtarrilaren 18an atxilotu zuten Zaldibar, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita. Lapurdiko hiriburuan bizitza publikoa egiten zuen eta Oihana ikastolan egiten zuen lan. Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroaginduari erantzunez atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Espainiakoekin elkarlanean. Atxilotu zuten egun berean aske utzi zuten, behin-behinean, euroaginduari dagokion erabakia hartu bitartean.
Edozein modutan, espetxera sartu ez zuten arren, neurri gogorrak jarri zizkion prokuradoreak: familia ikusteko debekua ezarri zion, Hego Euskal Herriko jendearekin harremanak izateko debekua, Baionako polizia etxean egunero sinatzeko beharra eta Lapurdiko hiriburutik ateratzeko debekua.
Urtarrilaren 25ean egin zuen Paueko Auzitegiak euroaginduari buruzko epaiketa, eta atzo eman zuen erabakiaren berri: ontzat eman zuen Espainiaren esku uzteko agindua. Orain, Zaldibarrek erabakiaren aurkako helegitea jartzeko aukera du, eta hala egingo dutela jakinarazi dute abokatuek. Bien bitartean, baldintzapean aske utzi dute Zaldibar, familiarekin zein Hego Euskal Herriko lagunekin egoteko zuen debekua bertan behera utzita.
Iraitz Gesalaga urtarrilaren 11n atxilotu zuten, Ziburun. Ustez 2008ko polizia operazio batean atzemandako dokumentuekin lotuta egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Zarauzko gaztea atxilotu eta Espainiaren esku uzteko eskaera. Paueko Auzitegiak urtarrilaren 25ean aztertu zuen gaia, eta atzo jakinarazi zuen ontzat eman zuela Espainiaren eskaera. Abokatuak jakinarazi du helegitea jarriko duela. Bien bitartean, Seyssesko espetxean dute preso, atxilotu zutenetik.
Gesalaga eta Zaldibar Espainiaren esku uztea onartu du Paueko Auzitegiak
Segiko kide delakoan atxilotu zuten Zaldibar, Baionan, eta ETArekin lotura izatea egotzita Gesalaga, Ziburun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu