Gesalaga preso sartu dute, eta Urtiaga libre utzi dute

Guardia Zibilak tratu txar psikologikoa eman diola salatu du Urtiagak Auzitegi Nazionaleko Ruz epailearen aurreanEuroagindu eskaerari buruz erabaki beharko du Frantziak Gesalagari dagokionez

Ituiño, Urtiagaren amona eta lehengusua, atzo, gobernu ordezkaritzara bidean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
G. Izagirre-O. Elduaien
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Iraitz Gesalaga preso sartu dute Frantzian, behin-behinean, haren kontrako euroagindu eskaerari buruz erabaki arte. Eta Itxaso Urtiaga, Gesalagaren bikotekidea, hura bezala ETAk su-etena iragarri eta ordu gutxira atxilotua, aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta lau egun eduki ostean. Denbora horretan tratu txar psikologikoa jaso duela salatu du Urtiagak. Zarauztarrak dira biak; Urtiaga han atxilotu zuten, eta Gesalaga, Ziburun —bere izen-abizenekin hartuta zeukan errentan etxea, eta bizitza publikoa egiten zuen—.

Frantziak ez du ezer Iraitz Gesalagaren kontra, eta Espainiak haren aurka igorritako euroagindu eskaerarengatik sartu du preso, behin-behinean, Seysseseko espetxean (Okzitania, Frantzia). Astelehenean egingo dute euroaginduari buruzko auzi saioa, Pauen, hura Espainiaren esku utzi edo ez erabakitzeko. ETAko informatika arduraduna izatea egozten dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Venezuelara bidaiak egitea eta FARCi irizpide informatikoak helarazi izana ere egozten dio. Auzitegi Nazionalaren arabera, bidaia horietako batean berarekin batera joan zen Urtiaga Venezuelara —bikotea dira—, baina Gesalagaren bikotekide gisa joan zela eta informatikan jakituriarik ez duela gaineratzen du. Horiek horrela, Urtiaga ETArekin lotzerik ez dagoela ondorioztatu du, eta hura aske utzi du. Nolanahi ere, Espainiaren mugetatik ateratzeko debekua jarri dio, eta 15ean behin epaitegira joan beharko du.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu du polizia operazioa. «Operazioa bere kabuz erortzen ari da». Gesalagak bizitza publikoa egiten zuela berretsi du AAMk, eta hainbat komunikabidek azken egunetan polizia haren atzetik zebilela zabalduta gezurra esan dutela ohartarazi du. Izan ere, AAMren arabera, Poliziak ondo zekien Gesalaga non zegoen: «Orain dela aste gutxi jarraipenerako eta kontrolerako gailu bat aurkitu zuen bere autoan, eta egun hauetan salaketa jartzekotan zen. Jakitun zen Polizia atzetik zuela, baina, hala ere, bizitza publiko egiten jarraitu zuen».

«Une jakin baten zain»

AAMk argi dauka asteartean egin zuten polizia operazioa aurretik prestatuta zeukatela poliziek, baina «une politiko jakin baten zain» zeudela. Operazioaren egunak eta ezaugarriak kontuan hartuta, «errepresioaren aldeko mezu politikoa» dela ondorioztatu du AAMk: «Espainiako Gobernuaren neurrira egindako operazio bat da, eta berriz ere agerian gelditu da Frantziako Gobernuaren laguntza».

Hain justu, Itxaso Urtiaga aske geratuko zela jakin aurretik, haren amona eta lehengusua, Torturaren Aurkako Taldeak eta beste hainbat eragilek lagunduta, Donostian izan ziren. Espainiak EAEn duen ordezkariarekin bildu eta Urtiagaren berri izan nahi zuten. Lau egun egin ditu inkomunikatuta Guardia Zibilaren esku, eta senideek ez dute jakin non eta nola egon den. Torturatuko zuten kezka larriak eraman zituen Donostiako gobernu ordezkaritzara, «bera delako Urtiagaren segurtasun fisikoaren erantzule nagusia», Ane Ituiño TATeko kideak esan zuenez. Gogorarazi zuen Grande-Marlaskak 2010ean aginduta atxilotu zituzten guztiek —46 lagun— tortura larriak salatu zituztela.

Eskaera zehatzak zituen idatzi bat helarazi zioten Cabiecesi: inkomunikazioa berehala kentzeko, epailearen aurrera berehala eramateko, konfiantzazko abokatu eta medikuarekin egoteko eskubidea onartzeko, non eta zein egoeretan zegoen familiari jakinarazteko eta sortu berri den torturaren prebentziorako mekanismoak baliabideak jartzeko.

Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, ESK, EHE, ESAIT eta Bilgune Feministako ordezkariak izan ziren haiekin, besteak beste.

Zarautzen, atxilotuekiko elkartasunez mobilizazioak egin dituzte egunotan, eta atzo, 315 lagun inguru bildu ziren, manifestazioan. Ordurako etxean zen Urtiaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.