1. Zer interesekin begiratzen diezu hauteskunde horiei?
2. Bakegintzan eta normalizazio politikoaren bidean aitzina egiteko balioko ote dute?
3. Ipar Euskal Herriarentzat zer garrantzia dute?
4. Ondoriorik izanen ote da Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanetan?
1. Hauteskunde horiei buruz interesa beti badugu Ipar Euskal Herriko abertzaleek, ikusi nahi baitugu zer pasatzen den Hego Euskal Herrian, ireki den bake bide berri horren inguruan. Dudarik ez, nik ene aldetik ere denbora pixka bat hartzen dut egun guztiz BERRIAren irakurtzeko.
2. Ene ustez, bai, balioko dute hauteskunde horiek. Baikorra izan behar da bizitzan, nahiz eta ez guk nahi genukeen bezain laster aitzinatu gauzak. Uste dut urraska aitzinatzen ari garela. Oztoporik handienak Madriletik dira; beti bezala ari dira betiko frankismoaren argumentatzearen aldetik, baina geroz eta gutxiago balio du argumentatze horrek Europan, Euskal Herrian eta Espainian ere. Demokraziaren bideak geroz eta indar gehiago hartuko du, eta, goiz edo berant, onartu beharko dute herri honek nahi duena. Ikusten dugu Kataluniarekin zer ari den gertatzen... Madrilen hasi dira gogoetatzen Kataluniarik gabe zer liratekeen Espainian!
3. Betiko garrantzia du. Ipar Euskal Herririk ez zen izanen hegoalderik ez balitz izan... Hegoaldean ez balira ikastolak sortu, iparraldean ez ziren sortuko; ikastolarik ez balitz izan, iparraldean euskara galdua izanen zen. Orduan dudarik ez da gaurko egoera politikoan Hego Euskal Herrian gertatzen denak ondorioak dituela Ipar Euskal Herriarentzat. Ondorioa baikorki ikusten dut, iparraldeko abertzaleak, herrizaleak bultzatzen baititu aitzina. Euskal lurralde elkargoarekin ikusten dugu, adostasun zabal bat lortu da, Parisera eraman da hautetsi guztien izenean. Horiek denek erakusten dute hegoaldearekin batera bakebide horren ondorioa dela eta hor jendea indarra hartzen ari dela.
4. Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak beti izan dira, eta bihar ere izanen dira. Pentsatzen dut gero eta indartsuagoak eta hitzartuagoak izanen direla; Ipar Euskal Herriaren berezitasuna zainduz, baina elkarrekin, Euskal Herri oso baten ikuspegiarekin.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Galdera zuzena
Gexan Alfaro
Euskalgintzako eragilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu