INGURUMENA

GHK-k zigor espedientea ireki dio Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari, asteburuko isuria dela eta

Ekondakin enpresak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari jakinarazi dio amoniako isuri bat gertatu zela maiatzaren 7an.

Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 14a
13:45
Entzun

Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan gertatutako isuri baten ondorioz, arrain ugari hilik agertu ziren joan den larunbatean, hilaren 9an. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azaldu du Ekondakin-ek, erraustegia kudeatzen duen enpresak, jakinarazi diola joan den maiatzaren 7an amoniako isurketa bat gertatu zela, «erraustegitik kanpoko» kamioi bat deskarga bat egiten ari zenean. GHK-k erabaki du Ekondakini zigor espedientea irekitzea. GHKren arabera, gertatutakoaren berri eman die Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzari, gertaturikoak zenbaterainoko garrantzia duen deliberatu dezaten.

GHK-k oharrean adierazi duenez, kontsortzioko teknikarien ikerketak «berretsi»  du erraustegiko lau instalazioek (tratamendu mekaniko biologikoa, balorizazio energetikoa, biometanizazioa eta zepen tratamendua) urarentzat erabiltzen duten zirkuitu itxiak «ongi» funtzionatzen duela. Oharrak dioenez, hori ikusirik, Ekondakini eskatu zioten instalazioetatik «hurbil» gertaturiko «edozein gertakariren» berri emateko.

Zubietako errauste plantaren bueltan «albiste txarrak bata bestearen atzetik ari dira hedatzen», EAMen ustez. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ohar batez bidez nabarmendu duenez (GHK-k zigor espedientearen berri eman aurretik) , ez da albiste ona Uraren Euskal Agentziak azterketa bat egitea erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan gertatutako isuria ikertzeko. «Ez dugu itxaropen handirik eduki behar agentzia horren kontrolarekin», ohartarazi du EAMek. «EAEKo eta Gipuzkoako agintariek soka motzetik kontrolatutako» erakunde bat da. GuraSOS elkarteak «mesfidantza» agertu zuen duela hiru egun.

[Youtube]https://youtu.be/72uC3uSFjAQ[/Youtube]

Erakundearen administrazio kontseiluan daude, EAMen esanetan, «bai Gipuzkoako Foru Aldunditik erraustegia bultzatu eta gaur kudeatzen dutenak, baita hari Eusko Jaurlaritzatik ingurumen baimenak eman dizkiotenak ere. Txistea dirudien arren, egia baizik ez da». Izen bat azpimarratu du EAMek: Jose Ignacio Asensio GHKko presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuarena. «Asensio kontseilari duen erakunde batek ikertuko du Asensio buru duen beste erakunde batek isurketa pozoitsurik egin duen ala ez».

Uraren Agentziak joan den astelehenean jakinarazi zuen errekastoan ur laginak hartu dituztela, «zer gertatu zen argitzeko, gertatutakoaren erantzukizunak zehazteko eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak edo zehaztaileak abiarazteko». Asensiok adierazi zuen gertatutakoa ikertuko dutela, «isuri bat dagoen bakoitzean beti egiten den bezala», eta «azken bururaino» iritsiko direla, plantan aritzen diren enpresetako batek «irregulartasunen bat» egin duela frogatzen bada.

«Dagoeneko kalteak»

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak azaldu du oraindik ere ez dutela Zubietako planta ofizialki inauguratu, baina jada hasi dela  «kalteak» eragiten, «ingurumenean» bezala, herritarren «osasunean eta ekonomian». Mugimenduak zehaztu du bai Lasarte-Oriatik eta bai Usurbildik ikusten direla plantaren tximiniak «kea dariela». Gainera, inguruko herrietan «usain txarrak nozitzen» dituztela salatu du.

Gogoratu du, bide batez, oraindik ere proba fasean dagoela erraustegia, eta labeetan erretzen ari direna «gerora erreko omen dutenaren erdia bakarrik» dela. EAMen arabera, Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratuko isurketa mugak gainditzen ari dira Zubietan. «Onartu zaien baino kutsagarri gehiago ari dira isurtzen erraustegian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.