GHK-k Zubietako erraustegira eraman nahi ditu hondakin industrialak

Zaldibarko istripuak sortu duen egoerak eta Mutiloako zabortegia berehala ixteak eragin du GHKren erabakia. Berehalakoan, arriskutsuak ez diren hondakin industrialak Epeleko zabortegira bidaltzea izango da aukera bakarra, kontsortzioaren esanetan.

Zubietako erraustegia,artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO, FOKU
inaki petxarroman
2020ko otsailaren 19a
12:09
Entzun

Zubietako erraustegira industria jatorriko hondakinak bidaltzeko aukera aztertu nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Hain zuzen ere, hedabideetara bidali duen ohar batean aitortu du aukera hori aztertzen hasi direla mankomunitateekin. GHK-k mankomunitateetako hondakin guztiak «kudeatzeko» asmoa duela jakinarazi du.  Zaldibarko istripuak sortu duen egoerak eta Mutiloako zabortegia berehala ixteak eragin du GHKren erabakia. Berehalakoan, arriskutsuak ez diren hondakin industrialak Epeleko zabortegira bidaltzea izango da aukera bakarra, kontsortzioaren esanetan. Edota, bestela, beste lurralde edo autonomia erkidego batzuetako instalazioetara bideratzea.

Aurrera begira, baina, bestelako alternatibak landu nahi dituzte diputazioa sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk. Hau da, hondakin industrialak ere Zubietako erraustegira eta tratamendu mekaniko biologikoko plantetara bidaltzea. «Gipuzkoa gai izan da hiri hondakinen kudeaketaren irtenbidea aurkitzeko». Aldundiak eta mankomunitateek ez dute hondakin industrialen arloko eskumenik, baina, Asensioren hitzetan, «azpiegitura moderno eta iraunkorrak ditugu gure hiri hondakinak kudeatzeko, eta horiek arazoa konpontzen lagun dezakete».

Gipuzkoako mankomunitateek, hiri hondakinez gain, merkataritza eta industria arloko beste hondakin batzuk ere kudeatzen dituzte. Baina, GHK-k dioenez, hiri hondakinen parekoak izan arren, zabortegi industrialetan uzten zituzten. Esate baterako: tamaina handiko hondakinak, bilgarri komertzialak, nekazaritza edo abeltzaintza jatorriko hondakinak eta garbiguneetan uzten ziren beste batzuk. «Elkarte guztiekin lortutako akordioa hau da: GHK-k hondakin mota horien fluxuak eta bolumenak aztertu, eta Gipuzkoako hiri hondakinak tratatzeko azpiegitura sarera bideratzeko aukerak aztertzea». Hain zuzen ere, sare horren barrukotzat jo ditu Zubietako instalazioak, Epeleko konpostatze planta eta Legazpiko ontziak sailkatzeko planta. «Proposamen horrekin aukera egiteko, aztertu beharrekoa izango da zer hondakin mota dauden, nolako bideragarritasun teknikoa dagoen horiek aipatutako instalazioetan tratatzeko, eta zer baimen lortu beharko liratekeen horretarako».

Hain zuzen ere, Zubietako instalazioen finantzaketa inportantea da kasu honetan. Izan ere, Zubietako instalazioen finantzaketa udal eta mankomunitateen esku dago erabat. %85 ordaintzen dute instalazioen erabilgarritasunagatik, eta gainerako %15a erabileragatik. Hau da, sartzen duten hondakin kantitatearen arabera. Industria hondakinen kasuan, industriei berei dagokie eurek sortzen dituzten hondakinak kudeatzea. Zubietako erraustegira eramango balituzte, nola eragingo luke horrek finantzazio orokorrean, eta ea horren kostua eta etekina nork jasoko lituzkeen argitu beharko luke GHK-k, enpresa kudeatzaileek (Urbaser buru) edo zerbitzuaren erabiltzaile bakar diren mankomunitateek?

Ingurumen baimen bateratua

Zubietako erraustegiaren ingurumen baimen bateratuaren puntu batek jasotzen du Zubietako instalazioetan hondakin industrialak jasotzeko aukera. Modu honetan: «Salbuespen moduan, ingurumen erakundeak baimendu ahal izango ditu instalazioetan, aldi baterako, ingurumen baimen bateratuan onargarrien artean jaso ez diren beste hondakin ez arriskutsu batzuk, zeintzuk egoera juridiko, administratibo berezietan edo osasun zein ingurumen larrialdietan ezin diren aldez aurretik berrerabiltze eta birziklatze operazioetan tratatu».

200.000 tona kudeatzeko ahalmena dauka Gipuzkoako erraustegiak. 2018an, herrialdean, 328.609 tona hiri hondakin sortu ziren. Horietatik 141.612 tona errefus moduan bildu zituzten udalek eta mankomunitateek. Tratamendu mekaniko biologikoa eta bio-lehortzea aplikatu ostean, 141.000 tona horiek 101.246 bihurtuko dira. Hain zuzen ere, horiek joango dira gero erraustegiko labeetara. Hau da, labe bat ia hutsik geratuko litzaioke dagoeneko udalen hondakinak bakarrik jasoz gero.

Orain, Zubietako erraustegian probak egiten ari dira. Bi labeetan hondakinak erretzen ari dira jadanik, baina, kazeta honek obra barruko iturrietatik jakin duenez, gasa arazteko sistemak ez du behar bezala funtzionatzen oraingoz. GHKren asmoa da erraustegia martxoaren 2an martxan jartzea. Berez, urriaren 3tik martxan egon beharko luke, baina GHK-k atzerapen bat onartu zien enpresei abenduaren 16an egindako batzar batean. Atzerapen hori martxoaren 2an bukatuko da. GuraSOSek salatu du atzerapen hori «legez kanpokoa» dela, eta kontratua ez betetzeagatik enpresek 60.000 euro ordaindu beharko lizkioketela GHKri egunero. Hau da, 21 milioi euro martxoaren 2ra bitartean. Kontu horrengatik auzitara jo du GuraSOS plataformak. Halaber, erraustegiaren ingurumen baimen bateratua abenduan iraungi zela salatu du GuraSOSek, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hura bertan behera uzteko.

Bileraren atarian, Ernaik protesta egin du Gipuzkoako Diputazioaren atarian, laster martxan jarri nahi duten erraustegiaren aurka. PNV-PSE, ustelen legea, errautsa eta kea pankarta zabaldu, eta ke berdez bete dute ingurua. Buzo zuriekin jantzita zeuden protesta egileak, eta euren buruari pintura horia bota diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.