Gipuzkoako hondakinak

GHKren egoera Bilduren "arduragabekeriari" leporatu dio Gipuzkoako Diputazioak

Asensio diputatuak esan du 40 milioikoa baino handiagoa dela GHKn aurreko agintaldian pilatutako zorra. GHKren izaera aldatu da orain: aldundiari atxiki diote. Diputazioak dio ez duela eraginik izango bere diru egoeran; EH Bilduren iritziz, eragin handia du.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatua, eskuinean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko azaroaren 13a
17:06
Entzun

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa enpresaren egoera dago auziaren oinarrian. Europako egonkortasun legeen ondorioz, aldatu egin dute sozietate horren izaera: abuztuaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako enpresa da. Finean, hondakinen kudeaketarako azpiegiturak egiteko sortu zuten enpresa hori diputazioak eta mankomunitateek. Orain, lege aldaketarekin, aldundiaren inguruko sozietatetzat jo du Espainiako Ogasun Ministerioak, diputazioak duelako sozietatearen partaidetzarik handiena.

Horren eraginari buruzko eztabaida handia izan dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan Jose Enrique Corchon Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak eta Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak —aurreko agintaldian Ogasuneko zuzendaria izan zen—.

EH Bilduk diputazioari leporatu dio “ezkutatu” egin duela informazioa, eta ohartarazi du horrek eragin handia izango duela errauste plantaren etorkizunean. Corchonek erantzun dio “ezustekoa” ez dela izan Espainiako Gobernuak GHK sozietatea diputazioari lotzea. “Aurreko agintarientzat ere ez da ezustekoa izan”. Nabarmendu du urtarrilean hasiak zirela horren zantzuak, Bildu aldundian zegoenean, eta, beraz, bazekitela zer gertatuko zen. “Eta zer egin zuten? Ezer ez”. Olanok erantzun dio “zalantzak” zeudela GHKren etorkizunari buruz, eta abuztura arte ez zuela erabakia hartu Madrilek.

GHKren kontu-hartzailearen txostena izan dute hizpide; haren arabera, GHKren zorra diputazioak hartu beharko luke bere gain. Diputazioak egin du txosten bat, eta kontu-hartzailearen tesia ez du partekatu: aldundiak dio defizit muga betetzea aldundiari dagokiola osotasunean, ez haren barruko erakunde bakoitzari. Eragina minimizatu nahi izan du aldundiak, beraz. Azaldu du “inolako arazorik gabe” beteko duela defizit muga aldundiak GHKren zorra atxikita ere.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua aurreko agintaldiko jardunari begira jarri da. “Egoera txarra ez dute lege aldaketek eragin, Bilduk baizik”. “Arduragabekeriaz” aritzea salatu du. Datutan, azaldu du ia 60 milioiren galerak izan dituela Bildu agintean egon den garaian. Areago, iragarri du auditoria bat eskatu dutela, aurreko agintaldiko jarduna aztertzeko: alde ekonomikoa eta juridikoa aztertuko dituzte, eta “erantzukizunak” eskatuko. Ez du “aukera bat ere” baztertu.

Olanok adierazi du errauste planta eraikitzeko “sarea” bertan behera geratu dela lege aldaketarekin. “GHK erraustegia egiteko sortu zen, hori egiteko zorra diputazioari ez egozteko. Hori goitik behera erori da”. Hizketarako gonbita egin dio diputazioari, “irtenbidea adosteko”. Errauste planta egitea erabat baztertu du, hala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.