Erabakitzeko eskubidea. Getxo. Iñaki Friera. Getxoko GEDeko kidea

«Gihar soziala lantzen ari gara Getxon»

Herri galdeketa egiteko baldintzak «sortu» egin daitezkeela uste dute Getxoko (Bizkaia) Gure Esku Dago-ko taldeko kideek; lan horretan ari dira orain, azaroaren 5a buruan.

gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Iñaki Friera idazlea (Barakaldo, Bizkaia, 1962) GED Gure Esku Dago-ko Getxoko taldeko kidea ere bada. Bizkaiko Uribe Kosta eskualdeko hainbat herritan —Sopelan, Barrikan, Lemoizen eta Urdulizen— herri galdeketa egingo dute apirilaren 2an; Bizkaiko udalerririk handienetan hirugarrenean —ia 80.000 biztanle ditu Getxok—, baina, beste bide bat lehenetsi dute, eta herri galdeketa aurrerago egin ahal izateko «baldintzak» sortzeko lanean ari dira.

Hiru urte daramazue Getxon beharrean. Zein da balantzea?

Ikusi dugu desberdinen arteko lan bat elkarrekin egiteko aukera bazegoela, eta lan horrek eramango gintuela erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika bat aktibatzera. Dinamika horrek hainbat atal izan ditu; giza katean parte hartu genuen, eta buru-belarri sartu gara gero etorri diren dinamiketan: mosaikoa, oihalen dinamika, estadioetakoa eta abar. Hortik ondorioztatu dugu badagoela oinarri soziala Getxon erabakitzeko eskubidearen alde dagoena, uste duena herritarren garaia dela eta herritarroi dagokigula eskubide hori aldarrikatu eta gauzatzea.

Uribe Kostako zenbait herrik apirilaren 2an egingo dute galdeketa. Getxok ez, ordea.

2015ean gogoeta bat egon zen GEDen, eta hor aukera batzuk zabaldu ziren; horietako bat zen erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen bat egitea, eta beste zenbait herritan, soziopolitikoki desberdinak zirelako-edo, galdeketen prozesua ere zabaldu zen. Guk Getxon gogoeta egin genuen, eta ondorioztatu genuen hura ez zela garaia gure udalerrian galdeketa antolatzeko, horretarako baldintzarik ez zegoelako, eta gehiago zela gizartean ideia horren inguruko lan bat egitearena: gihar sozial hori sendotzen jarraitu behar genuela, alegia.

Beraz, adierazpenaren bidea hobetsi zenuten.

Bai. 2016ko ekainean aurkeztu genuen erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena, 1.200 pertsonak parte hartu zuten ekitaldi batean. Eta hurrengo pausoa zein izan zitekeen pentsatzen hasi ginenean, ikusi genuen beharrezkoa zela beste gogoeta prozesu bat; fase batzuk beteta zeudela, baina fase berria ireki nahi bagenuen prozesu desberdin bat diseinatu behar genuela. Hortaz, gogoeta saio bat antolatu genuen urrian, eta 50 bat lagunek hartu zuten parte.

Zelako ondorioak atera zenituzten prozesu hartan?

Batez ere, bi: batetik, oso garrantzitsua izango litzatekeela Getxon galdeketa antolatzea, eta, bestetik, ez genituela ikusten Getxon galdeketa antolatzeko baldintzak, baina baldintza horiek sor zitezkeela. Eta Getxoko GEDeko kideok hasi ginen baldintza horiek sortzeko nolako pausoak eman behar genituen finkatzen, eta plan bat diseinatu genuen. Gure iparrorratza da Getxon galdeketa antolatzea, baina aldez aurretik fase batzuk bete eta baldintzak sortu nahi ditugu. Horretan ari gara: gihar sozial hori lantzen ari gara Getxon.

Zenbat fase ditu plangintza horrek?

Lehenengoa Ados da; ikusi genuen Getxoko GED, talde plurala izanik ere, eta, dinamika indartsua garatzen bazuen ere, gainditu behar genuela, egitura are pluralagoa sortu behar genuela eta auzo guztietara iritsi. Algortan eta Itzubaltzetan oso dinamika indartsua izan du GEDek, baina Negurin eta Areetan ia hutsaren hurrengoa izan da. Ados fase horretako helburuetako bat babes taldeak auzo guztietan sortzea izan da, eta helburua lortu dugu, orain babes taldeak auzo guztietan daude eta. Gazteei begira ere, gazteen dinamika propioa garatzea zen beste helburuetako bat, eta gazteen talde bi sortzea lortu da.

Hortaz, bigarren faseari ekingo diozue orain?

Hori da. Ahots du izena bigarren fase horrek. Orain badugu oinarri bat, egitura bat, eta hurrengo urratsa da herritarren babesa bilatzea, herritarrei hitza ematea. Apirilaren 6an ekitaldi bat antolatuko dugu Getxon. Hor gonbidatu berezi bat izango dugu, Liz Castro ANC Biltzar Nazional Katalaneko idazkari nagusi izandakoa, eta, horrez gain, ekitaldia baliatuko dugu batzorde sustatzailea eta sinadurak biltzeko prozesua aurkezteko. Gutxieneko helburua da 3.700 sinadura biltzea, populazioaren %5enak, baina hortik gora joan nahi dugu.

Ba al duzue eperik horretarako?

Sinadurak biltzen hasteko behin-behineko eguna apirilaren 15a da, eta bi hilabeteko epea aurreikusi dugu, baina, epe hori luzatu behar dela ikusiko bagenu, ez genuke horretarako arazorik izango.

Eta hirugarren fasea?

Abost izenekoa izango da, eta hor helburua galdeketara deitzea izango litzateke. Galdera zehazteko prozesu parte hartzaile bat abian jarri beharko da, eta gainerako alderdi tekniko guztiak prestatu. Ikusiko dugu zein den galdeketaren data, baina hirugarren fase horri Abost izena jarri diogu, hain zuzen ere gure proposamena azaroaren 5ean egitea izango delako.

Ba al dago horretarako arrazoi berezirik?

1933ko azaroaren 5ean lehenengo aldiz eman ahal izan zuten botoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeek [Autonomia Estatutuari buruzko galdeketan], ordura arte emakumeei boto eskubidea ukatu zieten eta. Pentsatzen dugu oso data sinbolikoa dela. Bestalde, bost dira Getxoko auzoak, eta GEDen ikurra ere bost atzamar dituen eskua da. Edozein modutan, hori izango da Getxoko GEDek egingo duen proposamena, baina erabakia beste foro batean hartuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.