Giltzarrapoa ireki nahian

Ireki egitasmoak 80.229 sinadura lortu ditu lantegietan «presoen auzia berriz mahai gainean jartzen laguntzeko». Eginiko lanaren argiak eta ilunak aztertu dituzte bultzatzaileek.

Ireki egitasmoak antolatutako manifestazioa Gasteizen, presoen etxeratzea eskatzeko. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Euskal preso politikoen auzia konpontzearen aldeko 80.000 sinadura baino gehiago bildu ditu Ireki egitasmoak hilabeteetako lana egin ostean. Lortutako kopurua egokitzat jo dute egitasmoaren bultzatzaileek, eta sinadura eman duten izen-abizen guztien atzean lanketa jakin bat dagoela azpimarratu dute. «80.000 sinadura asko dira, eta guztiak ongi irabaziak daude», dio egitasmoaren sustatzaile Eneko Iurramendik. Sinadura horiek, jada, Foro Sozialaren eskuetan daude pauso gehiago eman ahal izateko.

Giltzarrapoa ikur, Ireki Euskal Herriko langileen artean 150.000 sinadura lortzeko helburuarekin abiatu zen iazko urrian. Kopuru hartatik urrun geratu arren, emaitzarekin gustura daude Eneko Iurramendi eta Jon Urrusolo sustatzaileak. Hasieran finkatutako kopurua ez zela izan «inongo erokeria», azaldu du Iurramendik, baina horra iristeko lanketek huts egin dutela. 30 laguneko lantaldetik abiatu, eta,jendea saretuz, eskualdekako taldeak antolatu zituzten. «Arazo logistikoek», ordea, hainbat eremutara iristeko zailtasunei aurre egitea galarazi diete. Boluntario falta eta hainbat lantegitara iritsi ezina izan dira gakoak. Eskualdekako aurreikuspenak egin zituen egitasmoak, baina horietan ere gorabehera handiak egon dira: Sakanan edo Iruñerrian espero zuten kopuruaren %80tik gora lortu dute, baina Ezkerraldean ez dira iritsi %10era. Halere, lanketak aurrera egin duen eremuetan espero ez zuten jendearengana iristeko gai izan direla dio Iurramendik: «Kopurutik urrun geratzearen arrazoia ez da langileen ezezkoa izan». Urrusolok ere emaitza bezain garrantzitsu ikusten du prozesuaren zabaltasuna: «Gure lagunarteko erosotasunetik, beste geruza batzuetara iristera igaro gara».

«Eskola zaharreko» lan gisa definitzen du azken hilabetetako jarduna Iurramendik, papera eta boligrafoa eskuan hartuta egina. Denbora eskatu die lanak, langileekin zuzeneko harremana izanda, «begietara begiratuz». Gaia gogoratu eta lantokietara berriz eramateko balio izan duela garbi dute: «Ziur gaude iritsi den tokietan egitasmoak arrastoa utzi duela». Horren adibide jartzen dute sinadurez gain hainbat enpresetako langileek egitasmoaren ikur izaniko giltzarrapoarekin ateratako argazkiak.

Lan horretan ETAren armagabetze ekitaldiak lagunduko ziela uste zuten kideek. Hori, ordea, egitasmoa amaitzeko bi hilabetefalta zirela heldu zen, espero zuten baina beranduago. «Horrelako ekintzek uzten duten giro positiboa aprobetxatzea zen gure asmoa», dio Urrusolok.

Agenda betetzen

Helburu bikoitzarekin abiatu zen Ireki: kuantitatiboa eta kualitatiboa. Lehenengoan hasierako nahietatik urrun geratu izana ezin dela ezkutatu dio Urrosolok, baina kualitatiboki emaniko pauso handia azpimarratzen du: «Urtarrilean egiten den manifestazio nazionala albo batera utzita, gaia nahiko desagertuta zegoen eta berriz mahai gainean jartzen lagundu dugu». Egitasmoa urrian jakinarazi arren, gogoeta iazko urte hasieran abiatu zuten. «Egoera motelduta ikusi genuen orduan, eta azken kolpe errepresiboak presoen aldeko mugimenduen gain erortzen ari ziren», gogoratzen du Iurramendik. Hori ikusirik, egoerari bultzada bat emateko asmoarekin ekin zioten, «inoren lekua hartzeko asmorik gabe». 80.000 sinadura horiek etorkizuneko pausoen aurrelan gisa ikusten dituzte, «bultzada txiki bat».

ETAk armak utzi zituenetik bost urte igarota, langileen artean gaia indarra galduta ikusten zuen Urrusolok: «Langile mugimendua oso eraginkorra izan da beste aldi batzuetan, eta, baldintza objektiboak hobeak zirenean, bazirudien gaia desagertu zela». Aurten, egoerak buelta eman duela azpimarratu dute biek, besteak beste, Kalera egitasmoak, Sarek, Etxerat-ek eta beste hainbat eragilek eginiko lanagatik.

Agenda hutsunea bete dela azaldu du Iurramendik, baina oraindik ere gaiaren inguruko «nahasmen txiki bat» badagoela adierazita: «Hutsuneari aurre egiteko, zerbait egin nahi dugu, baina batzuetan sakabanatuta egiten da, eta horrek ahuldu egiten gaitu». Sinadurak bilduta, hurrengo pausoak adosteko hauek beste eragile baten esku uztea erabaki du Irekik: Foro Sozialaren esku. «Foro Sozialak mintzakidetza diskretu eta serioa izatea lortu du hainbat alderdi eta sindikaturekin», dio Iurramendik. Hortik gatazkaren konponbiderantz joango den «kontsentsuzko bideorri berri bat» irtengo dela uste dute.

Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen esku utzi zituen sinadurak astelehenean. Gauza bera egingo dute Eusko Legebiltzarreko mahaiburu Bakartxo Tejeriarekin biltzen direnean. «Ez da langile batzuen aldarrikapen hutsa; tanta bat gehiago da konponbiderako», dio Iurramendik. «Espetxeen giltza beste batzuk duten arren», presio egitea eta batasun itxura ematea ezinbestekotzat jotze dute.

Alderdien egunerokoan ez ezik, sindikatu gehienen agendan ere badago gaia. Horregatik, hilabete hauetan egitasmoak sindikatuekin harremanak abiatzeko aprobetxatu du, «egitasmoaren nahiak erakusteko». UGT eta CCOO sindikatuekin ere inongo arazorik gabe hitz egin dutela azaldu dute. Horiek presoen aferak «inongo kontraesanik» ez ziela sortzen azaldu zioten Irekiri.

Aurrera begira, sindikatuek gaiaren inguruko elkarlana martxan jarri beharko dutela uste du Urrusolok: «Irekik horretarako baldintzak badirela erakutsi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.