Bagoaz elkartekoak eta Gimonen senitarteko eta lagunak pozik daude presoa etxean izango dutelako. Baina horrek ez die txar guztia kentzen: sentimendu "gazi-gozoak" dituzte, Gimonen osasuna azken asteotan okertu egin delako. Hala esan dute erabakiaren berri jakin osteko prentsaurrekoan. Gimonen kasua beste batzuen "aurrekari" izateko itxaropena agertu du Teresa Toda Sareko kideak.
"Lorpen politikoa" da, Bagoaz-en irudiko, Gimon aske uztea. "Elkarlanaren emaitza" dela esan dute. Hala ere, lana ez dela amaitu ohartarazi dute, oraindik ere gaixo dagoen jendea giltzapean baitute Espainiako eta Frantziako espetxeetan. Gaixo dauden presoak ez ezik, preso politiko guztiak aske uzteko lanean jarraituko dutela iragarri dute: "Lanean segituko dugu preso guziak askatu eta azken iheslaria etxera iritsi arte".
Urtarril amaieran eraman zuten erietxera azkenekoz, baina egun batzuk geroago itzularazi zuten kartzelara. Sare plataformak eman du erabakiaren berri; epaileak ebatzi du presoa aske uztea, eta datozen egunetan geratuko da libre. Eskumuturreko gabe utziko dute libre, abokatuak jakinarazi duenez, epaiak jasotakoa baino baldintza hobean; "horrek agerian uzten du egoeraren larritasuna".
[Azken ordua] Epaiak jakinarazi du Lorentxa Guimonek ezin duela kartzelan jarraitu. Beraz, hurrengo egunetan aske geratuko da
— Sare (@sare_herritarra) 2016(e)ko otsailak 25
Joan den azaroaren 24an Zigorren Ezartzeko Auzitegiak baldintzapeko askatasuna onartu zion Gimoni, baina prokuradoreak kontra egin, eta epaileak gaur hartu du behin betiko erabakia. 2003tik dago Roazhongo (Bretainia) espetxean Angeluko (Lapurdi) presoa, eta 1991tik pairatzen du Chronen eritasuna. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaidetza taldekoekin BERRIAk 2014ko otsailean argitaratutako elkarrizketan parte hartu zuten sei kideetako bat da.
Bagoaz plataformak agerraldia egingo du 15:00etan Gimonen inguruko erabakiaren gaineko balorazioa egiteko.
Babes zabala
Azken egun eta asteetan gora egin du Gimonen askatasun eskaerak jasotako babesak. Otsailaren 17an, suprefeturan kateatu ziren bederatzi lagun haren askatasuna galdegiteko, eta Sylviane Alaux eta Paul Molac diputatuek bisita egin zioten Gimoni. Bestalde, presoa dagoen espetxera martxa egin zuten larunbatean 500 lagun inguruk. Bost autobus irten ziren Euskal Herritik, eta manifestazioarekin bat egin zuten Bretainiako hautetsi ugarik.
[Youtube]https://youtu.be/QJ-kqjV75Dg[/Youtube]
Gainera, Angeluko Herriko Etxearen aitzinean kanpalekua ezarri dute azken egunetan. Astelehen arratsean hasi zuten itxialdia, Gimonen aldeko elkarretaratzearen ondotik —150 bat lagun bildu ziren—.
Atzo, Yves Saint-Geours Frantziaren enbaxadorea Eusko Legebiltzarrean izan zen, eta EH Bilduk gutun bat eman zion, Lorentxa Gimon eta Ibon Fernandez Iradi gaixorik dauden presoen egoeraren berri jakinarazteko eta haiek askatzeko eskatzeko.