«Gipuzkoa berri batera abiatzeko oinarriak jarri ditu foru aldundiak»

Martin Garitanok nabarmendu du Bilduk oposizioko alderdi guztiekin egin dituela akordioak

Jon Uriguen, Helena Franco, Martin Garitano eta Ander Rodriguez, atzo Donostian eginiko agerraldian. A. C. / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Inor gutxik imajinatzen zituen lorpenak» lortu ditu Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian eginiko sei hilabeteetan. Hala uste du, behintzat, Martin Garitano diputatu nagusiak. Berak eta bere lantaldeak egindakoarekin pozik azaldu da, eta orain artekoa «aldaketaren hasiera» baino ez dela adierazi du. «Gipuzkoa berri batera abiatzeko oinarriak jarri ditu aldundiak, eta gobernatzeko beste modu bat posible dela begi bistan gelditu da».

Foru gobernuan egindako lanari buruzko balantzea egiteko, prentsaurreko bat eskaini du Martin Garitanok foru aldundiaren egoitzan, Jon Uriguen (Berrikuntza), Helena Franco (Ogasuna) eta Ander Rodriguez (Gizarte Politika) diputatuekin batera. Orain arteko bidea «zailtasunez beterikoa» izan arren Bilduren proiektua «egiazkoa eta egingarria» dela erakutsi du foru gobernuak, diputatu nagusiak azaldu duenez. Garitanok nabarmendu du Bildu gai izan dela gainerako indar politiko guztiekin akordioak egiteko, eta lan egiteko modu hori Gipuzkoarako ez ezik Euskal Herri osorako baliagarria izan daitekeela.

Euskal gatazka ere izan du hizpide diputatu nagusiak, eta esan du Bilduk mahai gainean jarri duela konponbide prozesuan aurrera egiteko «eredua». «Adostasuna ez da urratsak batek bakarrik egitea. Adostasuna bi aldeek irabaz dezaketela sinestea da». «Ezberdinen arteko adostasunak ahalbidetzen du konponbide integrala. Posible da, sei hilabete hauetan ikusi den moduan», nabarmendu du Garitanok.

Ezkerreko politika

Oposizioko indar politiko guztiekin egin ditu akordioak foru aldundiak, baina, bereziki, EAJrekin eta PSE-EErekin eginikoek ahalbidetu dute 2012rako zehaztutako egitasmo ekonomikoek aurrera egitea: jeltzaleekin, datorren urterako aurrekontuak, eta sozialistekin, zerga erreforma.

Garitanok gogoratu duenez, aurrekontuetako diru kopurua %13 gutxitu da iazkoekin konparatuta, baina gizarte politikarako dirua %7 igo da. «Datorren urtean lehentasuna ez dute azpiegitura handiek izango, pertsonek baizik». «Gobernu hau izan da Gipuzkoan ezkerreko politikak aplikatu dituen lehena», nabarmendu du diputatu nagusiak.

Testuinguru horretan kokatu du, halaber, sozialistekin hitzartutako zerga erreforma. Diru gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea eta ondare zerga berreskuratzea adostu dute, eta datorren urterako utzi dituzte beste neurri batzuk: sozietateen zerga, etxebizitzari buruzko zerga eta ondasun handiak dituztenen zerga. «Zerga erreforma ez da krisi garaian gehiago biltzeko taktika bat. Gizarte bidezkoago eta solidarioago bat da gure helburua».

EAJrekin eginiko akordioari dagokionez, Zubietako errauste plantari buruzko edozein erabaki sei hilabetez atzeratzea lortu dutela nabarmendu du Garitanok. Denbora horretan hondakinak «modu arrazionalagoan murrizteko formula egokienak» aztertuko dituztela esan du. Halaber, argi utzi nahi izan du hondakinak kudeatzeko eskumena udalei dagokiela, eta foru aldundiak haien erabakiak «errespetatuko» dituela nabarmendu du.

Enpresentzat zortzi milioi euroko diru sail bat ere adostu dute jeltzaleekin. Garitanok, baina, azaldu du diru hori «beste modu batean» kudeatuko duela foru aldundiak, aurreko gobernuak sustatu zuen Gipuzkoa Aurrera ekimena baztertuta.

Errepideen inguruan PPrekin eginiko akordioa ere izan du gogoan diputatu nagusiak. Azaldu duenez, Etxegarateko bidesaria geldiarazi eta lurraldeko errepide sarea aztertzeko lantalde bat osatzea adostu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.