Euskal instituzioetako aurrekontuak

Gipuzkoak aurrera atera ditu 2012ko egitasmo ekonomikoak

Alderdi jeltzalearen abstentzioarekin onartu dituzte aurrekontuak, eta PSEren babesarekin zerga erreforma

Martin Garitano diputatu nagusia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo eginiko saioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera atera ditu urteko egitasmo ekonomiko nagusiak. Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2012ko aurrekontuak onartu dituzte Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta Aralarren abstentzioarekin, eta zerga sistemaren erreforma onartu dute Bilduren, PSE-EEren eta Aralarren aldeko botoekin.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia «pozik» azaldu da bi erronka horiek aurrera ateratzeko EAJrekin eta PSE-EErekin akordioak egin dituztelako. Bilduko agintariaren arabera, koalizioaren «filosofiarekin» bat datoz akordioak, eta «pentsaera ezberdina dutenen arteko eztabaidarako marko berri bat» eraikitzeko oinarriak finkatzen dituzte.

Zorpetu gabe sektore publikoa indartzea eta ongizatea bermatzea dira koalizioaren helburuak, Garitanok azaldu duenez, 2012rako aurrekontuak eta zerga sistemaren erreforma norabide horretan «urrats bat» direla gaineratu du.

Garitanok aitortu du, baina,zerga erreforma onartu ahal izateko Foru Aldundiak pixka bat leundu behar izan duela jatorrizko proposamena, baina funtsezko oinarriak aldatu gabe. Diru gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea eta ondare zerga berreskuratzea adostu dute sozialistekin; eta datorren urterako utzi dituzte beste neurri batzuk: sozietate zerga, etxebizitzari buruzko zerga politika eta ondasun handiak dituztenen zerga, adibidez.

Aurrekontuei dagokienez, 746 milioi euro kudeatuko ditu Foru Aldundiak 2012an, iaz baino %13 gutxiago. Gizarte zerbitzuetan eta Ogasunean soilik igo dituzte diru partidak (%7 eta %6 gehiago, hurrenez hurren).

Foru gobernuak 80 zuzenketa adostu ditu EAJrekin eta Aralarrekin. Baina bereziki duela bi aste jeltzaleekin eginiko akordioak ahalbidetu du aurrekontuen onarpena. Enpresei krisiari aurre egiteko 10 milioi euroko diru laguntzak bideratzea eta Zubietako errauste plantaren inguruko edozein erabaki sei hilabete atzeratzea adostu zuten. Erabakia zehazteko badago ere, bi aldeen artean alde nabarmena dagoela agerian utzi dute azken asteetako adierazpenek.

Zubietako erraustegiaren harira, Garitanok adierazi du hausnarketarako adostutako sei hilabeteko epea erabiliko duela foru gobernuak «beste aukera batzuk» daudela erakusteko. Diputatu nagusiak azaldu duenez, arlo horretan erabakitzeko ahalmenaduten erakunde guztien iritziak jasoko ditu Foru Aldundiak erabaki bat hartu aurretik. Hala ere, Bilduren jarrera «argia» dela berretsi du. «Ez dugu erraustegia behar. Beste era batera esanda: ez dugu erraustegia nahi. Eta konbentzituko zaituztegu», adierazi du Garitanok.

Olanoren haserrea

Aurreko gobernuaren jarduna kritikatzeko ere baliatu du bere agerraldia Garitanok. Markel Olano jeltzaleak gidatutako gobernuk sortutako zorpea salatu du, eta hark sustatutako elkarkidetza publiko-pribatuaren ereduaren (Gipuzkoa Aurrera ekimena) aurka agertu da.

Garitanoren hitzek Olanoren haserrea eragin dute, eta diputatu nagusiaren jarrera «desleiala eta demagogikoa» salatu du; Olanok uste du «etxekoak lasai uzteko» egin dituela adierazpen horiek Garitanok.

Horiek hala, Olanok aitortu egin du «azken momentura arte» aurkako botoa emateko «tentazioa» izan dutela jeltzaleek, baina azkenean «arduraz» jokatzea erabaki dutela. «Aurrekontuak atzera botatzeko aukera paregabea genuen, legealdi osorako abisu gisa, baina guk ez dugu politika horrela ulertzen», adierazi du. Foru gobernuarekin izandako negoziazioetan Bilduko kideek agertutako jarrera ere kritikatu du. «Jarrera bera izan bagenu, ez genuke aurrekonturik izango».

Rafaela Romero batzarkide sozialistak, berriz, gogor kritikatu ditu Foru Aldundiaren aurrekontuak, haren arabera, Gipuzkoa «geldiarazten» dutelako. Horren erantzule egin du gainera EAJ, «Bildurekin erdi bana». PPko Juan Carlos Canok «mundutik deskonektatuta» dauden aurrekontuak direla salatu du eta Romerok bezala jeltzaleen jarrera salatu du. Aralarreko Rebeka Uberak, aldiz, «konfiantzako botoa» eman die Bilduren gobernuko kideei. Uste du «bide onetik» ari direla urratsak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.