Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza «bereziak» eskatuko dizkio Espainiako Gobernuari, azaroaren 5etik 7ra bitartean izandako euriteak Gipuzkoako hainbat herri eta auzotan eragindako kalteei aurre egiteko. Diputazioaren arabera, herrialdeak jasan dituen kalteak legeak diru laguntzak emateko aurreikusten dituen baldintzak baino handiagoak dira, eta, hortaz, ezohiko laguntzak eskatuko dizkio aldundiak Espainiako Gobernuari.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat gaur arratsaldean batzartuko da Madrilen Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren ordezkariekin, kalteei aurre egiteko laguntza gehiago eskatzeko. Garbiñe Errekondo foru administrazioko diputatua izango da aldundiaren ordezkaritzako buru, Errekondok berak eta aldundiko eledun Larraitz Ugartek atzo jakinarazi zutenez. Errekondoren arabera, diputazioak oraindik ez du erabaki diru laguntzarik emango duen. Izan ere, aseguru etxeek haien gain hartzen ez dituzten kalteen estimazioa egiten ari da aldundia. Gainera, Errekondok argitu zuenez, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ematen duten diru kopuruaren zain dago diputazioa, foru administrazioak emango duen zenbatekoa ebazteko.
Espainiako 307/2005 errege dekretuak dioenaren arabera ematen dira larrialdi egoeretan diru laguntzak. Dena den, Errekondok esan zuen larrialdi egoera ugaritan Espainiako Gobernuak dekretu hori hainbat ministeriok emandako agindurekin osatu duela, eta Kanaria uharteetako Hierroko egoera eta Lorcako (Murtzia, Espainia) lurrikara aipatu zituen adibide gisa. Orduan martxan jarritako neurriak Gipuzkoan ere indarrean jartzeko eskatuko du gaur aldundiak.
Esku hartzea, «egokia»
Euri denboraleak gertatu ziren egunetan Gipuzkoako Aldundiak egindako lanaren alde egin zuen Errekondok, eta «kalteak ikusita» emandako zerbitzua «egokia» izan zela erantsi zuen: «Guztia egin daiteke hobeto; baliabide gehiago eta eraginkorragoak jarri, baina zerbitzua ona izan zen». Herritarren samina «ulertzekoa» dela uste du Errekondok, eta hurrengo baterako, larrialdi zerbitzua hobetze aldera, bilkuretan parte hartzeko eskatu zien herritarrei. Haren arabera, herritarrek dakite zerk egin duen huts eta zer hobetu daitekeen, kalteak murrizte aldera.
Gipuzkoak ezohiko laguntza eskatuko dio Espainiari urak kalte eginikoentzat
Aldundiaren ustez, laguntzak emateko legeak aurreikusten dituen baldintzak gainditu ditu euriteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu