Frantziatik egunotan heldu diren albisteez jakitun eskatuko zion biltzeko, segur aski, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak Ana Pastor Espainiako Sustapen ministro izendatu berriari. Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Garraio ministroak aitortu du Sarkozyren gobernuak zalantzak dituela Bordeletik Euskal Herrira doan AHT proiektuariburuz, eta ikerketa independente bat eskatu duela. Egungo trenbide sarea berritzea lehentasuntzat jo du gobernuak eratutako batzorde batek, eta luzapena eskatu du proiektu berrientzat. Kosciusko-Morizetek iragarri du Bordele-Tolosako proiektuak lehentasuna duela Bordele-Hendaiakoaren aldean.
Albistea ez zuen oso gogoz hartuko, normala denez, Jaurlaritzak. Hasteko eta behin, Euskal Y-ak duen mugaz gaindiko trenbide izaera erortzeko zorian egon daitekeelako. Eta horrek, batetik, guztiz mugatuko luke trenbidearen funtzioa —Bilbo, Gasteiz eta Donostia Madrilekin lotzea litzateke haren zeregin bakarra—. Eta, bestetik, Bruselatik lehentasunezko proiektuentzat iragarritako dirua gal daiteke Parisek bere zatia alboratzen badu.
Egoera ekonomikoa ez da samurra. Madrilek esan du 16.000 milioi euro aurreztu behar dituela 2012an, eta tren lasterreko proiektu batzuei kalte egingo die horrek, besteak beste, Galiziakoa. Jaurlaritza ahalegin ekonomiko handia egiten ari da Gipuzkoako lanetan. Aurtengo aurrekontuetan ia atal guztietan murrizketa izan den bitartean —kulturan, gizarte laguntzetan, osasunean, hezkuntzan— AHTari bideratutako diru poltsa %27 handitu du Lopezen gobernuak, 380 milioi euro. Baina Jaurlaritzak Madrilen konpromisoa behar du: orain jartzen ari den diru hori kupo bidez itzuli beharko baitio Raxoiren gobernuak gero.
Gipuzkoakoa Euskal Y-aren zatirik luzeen eta atzeratuena da. Obren %10 ere ez dago eginda. Donostiatik Irunerako zatia eta Astigarragako nazioarteko geltokia dagoeneko ezabatu dituzte proiektutik, eta, Parisen jarrera aldatzen ez bada, Europatik proiektuarentzat espero duen %10-15eko finantzaketa galduko da. Madrilek luparekin begiratuko ditu datu guztiak. Ez da harritzekoa Arriola Madrilen konpromiso berrituen zain egotea.
Jaurlaritzak ere dirua zertan gastatzen duen zaindu beharko luke. Eta, egoera orokorra argitu bitartean, Gipuzkoako obrak geratzeak diru eta kalte asko aurrez litzake. Orain arte esandako gauza asko irentsi behar izanagatik ere. Garaiz daude.
Analisia
Gipuzkoako AHTa, ataka estuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu