Zahar etxeak

Gipuzkoako Aldundia eta hiru zahar etxe auzitara eramango ditu ELAk

Langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzea egozten die. Atzo beste hamabost egoiliar hil ziren, eta 91 dira guztira; Gipuzkoan hildakoen hamarretik zazpi zahar etxeetan hil dira. Gipuzkoan 130 pertsona hil ditu koronabirusak.

Tolosako Iurreamendi zahar etxea. JON URBE, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko apirilaren 13a
08:24
Entzun

ELAk bihar auzitara eramango du Gipuzkoako zahar etxeetan koronabirusari dagokionez egin den kudeaketa. Gaur goizean jakinarazi duenez, Gipuzkoako Aldundiaren eta hiru zahar etxeren aurkako eskariak aurkeztuko ditu, zehazki, Ordiziako San Jose, Tolosako Iurreamendi eta Zumarragako Argixao zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresen aurka. Sindikatuak argudiatu du hango langileen osasunerako eskubidea eta bizitzarako eskubidea urratu direla, eta jakinarazi du hiru horietan eta Arrasateko egoitzan egoiliarren %80 eta langileen herenak daudela kutsatuta. Zu eta Biok S.Coop, Gerozerlan eta Eulen Soziosanitario enpresak dira salatuko dituenak, eta, zerbitzuaren titularra den aldetik, baita Gipuzkoako Aldundia ere, «gidetan eta protokoloetan zehazten diren neurriak ez direlako betetzen ari», ELAren arabera.

Hainbat zahar etxetan egoera kritikoa dela dio ELAk, eta, horregatik, Osakidetzaren esku hartze integrala eskatu du. Argudiatu du zahar etxeetako langileek ez dituztela babesteko beharrezkoak diren materialak, eta oso gutxitan egin zaiela oraindik koronabirusaren testa egoiliar guztiei. Hiru eskari aurkeztuko ditu horregatik bihar auzitegian, eta kautelazko neurriak hartzeko eskatuko du "zuzendaritzek berehala eman diezazkieten norbera babesteko ekipamendu homologatuak langile guztiei". Gaineratu du Euskal Herriko beste herrialdeetan ere auzitara jotzeko asmoa duela babesteko neurriak hartu ezean.

Hamarretik zazpi hildako, zahar etxeetan

Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak atzo jakinarazi zuzenez, beste hamabost lagun hil dira Gipuzkoako zahar etxeetan koronabirusaren ondorioz. Horiekin 91 dira hildako egoiliarrak. Gipuzkoan hildakoen hamarretik zazpi, beraz, zahar etxeetan hil dira. Aipagarria da datua, Gipuzkoa baita Hego Euskal Herrian gaitza gutxien hedatu den herrialdea. Araban, hildako guztietatik hamarretik lau hil dira zahar etxeetan, eta Nafarroan, hamarretik hiru dira —Nafarroako Gobernuak onartu du koronabirusa diagnostikatu gabe hil diren egoiliarrak egon litezkeela—.

Gipuzkoan azken orduetan hildakoak Arrasaten (Iturbide egoitza), Donostian (Berra), Eibarren (Egogain), Eskoriatzan (Jose Arana) Ordizian (San Jose), Tolosan (Iurreamendi), Zarautzen (Santa Ana) eta Zumaian (Otezuri) hil dira. Guztira Gipuzkoan dauden 65 zahar etxeetatik hamaseitan atzeman dituzte kasu positiboak. 71 egoiliar ospitaleratuta edo Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude.

Gipuzkoako zahar etxeetan beste hogei positibo atzeman ziren atzo, eta horrekin 301 dira positiboak denera. 25 egoiliar sendatu dira gaitza zabaltzen hasi zenetik. Aipagarria da zahar etxe batzuetan gaitzak izan duen zabalpena. Ordizian, esate baterako, egoiliarren %80 kutsatuta daude, EITBk jakinarazi duenez. Joan den astean egin zieten testa han dauden 50 egoiliarrei, eta soilik hamarrek eman dute negatibo. Azken hilabetean, hamalau heriotza izan dira Santa Ana egoitzan, eta horietatik zazpi koronabirusak jota hil direla baieztatu da. Langileek salatu dute berandu hartu zituztela prebentzio neurriak.

Mendozak esan du zahar etxeak lau egunean behin desinfektatzen dituztela suhiltzaileek, DYAko boluntarioek eta horretan aritzen den enpresa bateko langileek. Atzo Aretxabaletako GSR, Donostiako Bakea eta Hondarribiko Caser Residencial Betharram desinfektatu zituzten, eta gaur Donostiako Berra eta Eskoriatzako Jose Aranaren txanda izango da.

Babes materiala

Zahar etxeetako langileak oso kritiko dira aldundiarekin, babesteko materiala dela eta. Batak, eskularruak, mantalak, maskarak eta buzoak eskatu dizkiote. "Eta mesedez, erabiltzaileekiko, langileekiko eta familiekiko enpatia asko, mesedez. Utzi gezurrak eta hasi onartzen pandemiaren aurrean egindako akatsak. Egoerak gaina hartu dizue!", idatzi zuten Twitterren Erresidenteziak Borrokan kontuan.

Babes neurriez, Mendozak atzo adierazi zuen Gipuzkoako Aldundia ahalegin handia egiten ari dela zahar etxe guztietan material hori helarazteko, eta Osakidetzak egiten duen banaketa osatzen duela. Haren hitzetan, egunero jasotzen dituzte zahar etxeetako beharrak, eta gaitzaren eboluzioari erreparatzen ari zaio. "Haien ondoan gaude eta hala egoten jarraituko dugu", esan du Mendozak, eta  gaineratu du zahar etxean lan handia ari direla egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.