GIPUZKOAko foru aldundia

Gipuzkoako Aldundiaren lehen neurriak: diputatuek ez dute kreditu txartel ofizialik izango

Lehen agerraldia egin du Imanol Lasa diputatuak, eta gardentasuna bultzatzeko neurriak iragarri ditu. Diputatu guztiek agerraldia egingo dute Batzar Nagusietan, lan ildoak aurkezteko.

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusi hautatu zutenean. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko uztailaren 8a
09:42
Entzun

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu zutela bi aste igarota, lehen neurrien berri eman du diputazioak, Imanol Lasa bozeramailearen bitartez. Gardentasuna agintaldiko ardatz izango dela nabarmendu du, eta jarraibideei buruzko "kode bat" osatuko dutela.

Hiru neurri hartu ditu jadanik aldundiak:

1. Kreditu txartelak. Diputatuen kreditu txartel ofizialak bertan behera utzi dituzte; ezingo dituzte, beraz, gastuak txartel horren bidez ordaindu. Protokolozko bazkariak erregistro batean jasoko dituzte: zergatik egin den, zenbat ordaindu den, zenbat joan diren eta nor diren.

2. Garraioa. Kargudunen garraio zerbitzua mugatu egingo dute: aldunditik kanpo egin beharreko konpromiso profesionaletan eta instituzionaletan soilik izango dute —salbuespena Markel Olano ahaldun nagusia izango da—. Etxetik bulegora joateko garraio zerbitzurik ez dute izango diputatuek.

3. Opariak. Kargudunek konpromiso bat sinatuko dute opariak ez onartzeko, "kortesiazko edo ohiturazko moldeekin zerikusia dutenak" izan ezik.

Komunikazioa izango da beste gakoetako bat. Komunikazio plan bat egiteko asmoa du aldundiak; besteak beste, harremanak izan nahi dituzte herrialdeko eragile nagusiekin eta hedabideetako arduradunekin. Interneteko atariak ere indartu nahi dituzte.

Aldundiak gardentasunean "eredu" izan nahi duela nabarmendu du Lasak. Bide horretan, iragarri du irailean agerraldiak egingo dituztela Batzar Nagusietan diputatu guztiek, sail bakoitza zein egoeratan dagoen eta zein asmo dituzten azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.