Gipuzkoako Batzar Nagusiek bide baketsuekiko konpromisoa agertu dute

Bilduk ez du babestu ETAren biktimen aldeko ekimena, eta EAJ eta Aralar abstenitu egin dira bozketan

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusiek indarkeriarik ezarekiko eta bide baketsu eta demokratikoekiko konpromisoa agertu zuten atzo, aho batez. PSE-EEren ekimenez hiru puntuko proposamena eztabaidatu zuten Giza Eskubide eta Memoria Historikoaren Batzordean, baina mozioaren lehen puntuak baino ez zuen aurrera egin. Hain justu ere, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren eta Fernando Mugikaren omenezko oroitarrien aurka uda partean egindako erasoak gaitzetsi, eta indarkeriarik ezaren aldeko jarrera agertzeko puntua onartu zuten Batzar Nagusiek, Bildu, EAJ, Aralar, PP eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Jauregi eta Mugikaren oroigarrien aurkako erasoak arbuiatu, eta «terrorismoaren biktimei» babesa emate aldera, hiru puntuko mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk eztabaidarako. Ekimenaren lehen puntuak bide baketsuen alde egiten zuen, eta beste biek ETAren biktimei babesa eta errespetua agertzen zieten. Zehazki, horien bidez Gipuzkoako Aldundiari eskatzen zioten, terrorismoaren biktimen aitortzarako legea aintzat harturik, ETAren biktimen eskubideei errespetua agertzeko, horien memoria kontuan hartzeko eta haiekiko «umiliazio publikoa» saihesteko.

Puntu horretan, ordea, ez ziren ados jarri taldeak, eta, ondorioz, ez zuen aurrera egin: Bilduk kontra bozkatu zuen, Aralar eta EAJ abstenitu egin ziren, eta alde bozkatu zuten PSE-EEk eta PPk.

Ekimen «partziala»

Bilduk eta Aralarrek kritikatu zuten ekimena «partziala» zela, biktimen arteko mailaketa egiten zuelako; hala, alde guztietako biktimak aintzat hartzeko eskatu zuten bi talde horiek. «PSE-EEren ekimena ez dator bat Euskal Herriko egoera berriarekin», adierazi zuen Bilduko Begoña Vesgak. «Mota guztietako sufrimenduek merezi dute aitortzea», esan zuen Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak.

EAJko Markel Olanok, berriz, bide baketsuen alde lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu zuen. «Oso garrantzitsua da indarkeria ororen gaitzespenean eta bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuan alderdi guztiak ados jartzea», azaldu zuen.Indarkeriarik ezaren aldeko konpromisoa aho batez babestu izana, gainera, «lan egiteko abiapuntu ona» dela esan zuen Olanok.

PSE-EEko Rafaela Romerok txalotu egin zuen bide baketsuen aldeko adostasuna, baina ETAren biktimen memoria «lurperatu» nahi izatea leporatu zien PP ez gainerako taldeei. PPko Juan Carlos Canok, berriz, adierazi zuen «politikoki» sufrimendu guztiak ezin direla maila berean jarri: «Espainian eta Europan dagoen talde terrorista bakarra da ETA, eta ez dugu onartuko hori estaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.