Hala, batzuk beren maila erakusteko aukera izango dute eta besteek, berriz, beren burua ezagutarazteko erakuslehioa izango dute. Hauez gain, 15 epailek, 10 gai-jartzailek eta talde antolatzaile zabalak zainduko dute aurtengo txapelketaren motorra.
Gaur Araeta jatetxean izandako prentsaurrean eman dute txapelketaren gora-beheren berri. Bertan izan dira Iñaki Almandoz Kutxako ordezkaria, Millan Telleria antolatzailea, Felix Irazustabarrena Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Xabier Huizi Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Sailaren ordezkari modura.
Txapelketa gaztea da oso, Millan Telleriak esan bezala "bertsolaritza bera ere gaztetzen ari delako". Batez beste 25 urteren bueltan ibiliko dira parte-hartzaileak. Ildo honetan, aipamen berezia merezi du Juanito Mitxelena oiartzuarrak, bera izango baita zaharrena, 50 urterekin. Gazteena, berriz, Igeldoko Imanol Lizarazu da, 18 urte dituena.
Felix Irazustabarrenaren hitzetan, "txapelketa erakargarria eta maila handikoa" izango da. Izan ere, Euskal Herriko Txapelketako lau finalista arituko dira kantuan: Jon Maia, Maialen Lujanbio, Jesus Mari Irazu eta Aitor Mendiluze. Txapelketa hartan final laurdenetara iritsitako beste lau bertsolari ere izango dira Gipuzkoakoan. "Parte hartze irekia izan da eta gazteak sasoiz eta ilusioz datozela nabarmendu dugu hasieratik", esan du Telleriak.
Hemeretzi saio
Fase bakoitzean egin beharreko lanari dagokionez, lehen fasean saioko 14na bertso osatu beharko dituzte parte-hartzaileek eta final laurdenetan eta final erdietan hamabosna.
Azkenean, txapela bi onenen arteko buruz burukoarekin jokatuko da, azkeneko Euskal Herriko finalean hainbeste gozatu eman zuen formularekin hain justu. Finala Irungo Artaleku kiroldegian jokatuko da abenduaren 14an.
Ildo honetan, eta Telleriak berak esan duenez, "asko harritu egingo dira finala Irunen jokatuko delako. Eskualde horretan egun bertsolaritzak bizi duen egoera hartu dugu kontuan eta, gainera, aretoa oso egokia iruditu zaigu". "Irunen bertsolaritza ez da berria eta aurrerantzean ere ez da izango", gaineratu du Telleriak.
Bestalde, datorren astetik aurrera www.bertsozale.com orrialdean Gipuzkoako 2003 Bertsolari Txapelketak txoko propioa izango du. Bertan agertuko da bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei buruzko informazio zehatza eta saio bakoitzeko puntuaketek eta kronikek ere izango dute tartea.
Gainera, eta berrikuntza modura, foro bat ere jarriko da martxan txapelketa gipuzkoarraren inguruan, lehiaketari buruzko iritziak jasotze aldera.
Bertsolaritza
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hilaren 26an hasiko da, Aian eta Astigarragan egingo diren saio banarekin
Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Aian eta Astigarragan izango diren saio banarekin hasiko da hilaren 26an. Guztira 71 bertsolari jardungo dira kantuan, batzuk oso ezagunak, nahiz eta aurpegi berri asko izango diren tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu