Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanerako itun bana sinatu du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin eta Kontseiluarekin. Bi hitzarmenetan jaso dutenez, herrialdean euskararen "arnasgune" diren lekuak babestea eta indartzea izango dute helburu, Martin Garitano ahaldun nagusiak azaldu duenez. 74.000 euro jarriko ditu diputazioak. Elkarlanean hastearekin batera, Gipuzkoako Aldundiak aitortza egin die bi erakunde horiei.
Uemarekin, bereziki udaletako jardunetan lan egingo dute. Garitanok adierazi du Uema eta aldundia elkarlanean arituko direla euskara planak garatzeko laguntzen, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko testuak gaztelaniara itzultzen laguntzen, erakundeetako erabakiek euskararen egoeran izan dezaketen eragina neurtzen eta sor daitezkeen kalteak zuzentzen. Uemako presidente Maren Belaustegik nabarmendu du euskarak aurrera egingo badu "nagusi" izan behar duela eta, horretarako, "arnasguneak" nahitaezko direla.
Kontseiluarekin sinatutako akordioan oinarrituta, "arnasguneen" garrantzia herritarren artean zabaldu nahi dute, eta gune horiek egituratu. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, "estrategikoak" dira euskara hizkuntza nagusi duten inguruak, eta horietan bizi direnek jakin behar dute nolako "ardura" daukaten. "Mahai gainean jarri behar ditugu arnasguneak, euskaraz bizitzea posible dela erakusteko".