Gipuzkoako Diputazioak ez du finantzatuko Donostiako metroa

Jaurlaritzak erantzun du berak akordioa lortzeko proposamena egin zuela eta ezezkoa «oso berri txarra» dela

mikel p ansa
Donostia
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Euskotrenen zerbitzua hobetzea beharrezko dela onartu bai, hori egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak; baina Donostiatik igarotzean lur azpitik sartu behar duenik ez du uste. Inbertsioa «gehiegizkoa» dela iruditzen zaio foru gobernuari, eta horregatik erabaki du ez du ez finantzatzea Donostiako metroa egiteko obrak.

Foru Aldundiko agintea hartuz geroztik, Bilduko ordezkariek aipatu izan dute ez zutela begikoa Euskotren Donostian lurpean sartzeko proiektua. Atzo diputazioko gobernu kontseiluak bilera egin zuen, eta formalki erabaki zuen ez parte hartzea metroaren finantzaketan. Larraitz Ugarte bozeramaileak eman zuen erabakiaren berri.

Donostian garraio publikoa ondo antolatua dagoela uste du Ugartek, eta badaudela eskualdeak garraio publikoaren zerbitzu eskasagoa dutenak, Debagoiena eta Urola Kosta, esaterako: «Badaude, oraindik, Gipuzkoako eskualdeak, hiriburura iristeko garraio zerbitzu zuzenik ez dutenak». Azpiegitura berriak eraikitzen hasi baino lehenagoko lanak badaudela uste du Ugartek: «Gipuzkoan bizi direnen beste %40ari ere eskaini behar diogu gure arreta».

Donostiako metro proiektuari buruzko lehen zirriborroetan, kalkulatu zuten obrek 700 milioi euroko kostua izango zutela. Diputazioa erdia jartzekoa zen. Ugartek azaldu du gobernu kontseiluak ez duela ekonomikoki bideragarri ikusten proiektua; eta erantsi du halako obrak ez direla, berez, diputazioaren eskumen: «Jaurlaritza da inbertsioari aurre egin behar diona, hain estrategikoa dela irizten badio».

Hala ere, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du diputazioak. Euskotrenen zerbitzua hobetzea litzateke elkarlan horren xedea, baina ez ekarpen ekonomikoekin: Lurraldebusekoekin hobeto koordinatzea da diputazioaren asmoa. Euskotrenen bidea bikoizteko Gipuzkoa gehientsuenean egiten ari diren lanak ere egoki jotzen ditu aldundiak.

Jaurlaritzaren erantzuna segituan iritsi da, Ernesto Gasco Garraio sailburuordearen ahotik: «Diputazioak ezetz esan dio tren sozialari, jendearen trenari». Euskotrenen Gipuzkoako sarea berritzeko hainbat lan egiten ari dira azken urteetan, eta horiek baliatuz proposatu zuen Jaurlaritzak Donostian lurpean sartzea haren ibilbidea eta metro itxura ematea, geltoki berriak ere eginez. Orain diputazioak atzera egitea «oso berri txarra da Gipuzkoarentzat eta Donostiarentzat», Gascoren esanetan.

Metroaren proiektua 2009ko irailean sinatutako elkarlan protokolo batekin abiatu zuten diputazioak eta Jaurlaritzak. Protokolo haren arabera, Jaurlaritzak Lasarte-Oria eta Donostia harteko Euskotrenen linea bikoizteari ekin ziola nabarmendu du Gascok, eta, beraz, metroaren proiektua, «parte batean» bederen, dagoeneko hasia dagoela. «Proiektu hau estrategikoa da Gipuzkoa osoarentzat, eta inbertsio hori guztia Eusko Jaurlaritza egiten ari zen, baliabide ekonomikoak aurreratuz», zehaztu du.

Proiektu egokitua

Hasierako proiektua moldatu berri zuen Jaurlaritzak, «egungo egoera ekonomikora» egokitzeko. Zirriborro berrian, metroak 609 milioi euroko kostua lukeela azaldu du Gascok. Azaroan Jaurlaritzak diputazioari bidalitako proposamenean, gastua %20 gutxitu da, beraz; gainera, lanak bukatzeko epeak luzatzea eta diputazioaren ekarpenak hurrengo urteetara atzeratzea proposatu zuen Garraio Sailak.

Diputazioak azaro erdi aldera jaso zuen proiektu berritua. Larraitz Ugartek zehaztu du foru gobernuak ezin izan duela lehenago jarrera agertu, gobernuak ez duelako proposamen zehatza lehenago ezagutu. Baina proposamena aztertu, eta ezetz erantzun du. Jaurlaritza ahalegindu da akordioa errazten, Gascoren ustez. «Ekonomiari buruzko argudioak debaldeko aitzakiak dira», leporatu dio Gascok Gipuzkoako aldundiari. Bizkaian, halako lanak Jaurlaritzaren eta diputazioaren artean erdibana finantzatzen direla ere nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.