Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote argitzeko Bidegik ordaindu eta ustez Arabako zatiari zegozkion hamar milioi euroren obrak eginda ote dauden. Arabak erantzun die berak likidatutako obrak daudela eginda; ez hamar milioi eurorenak. "Ondorioa: neurketak eta 2011ko likidazioa ez datoz bat".
Lan horiek Bidegik pagatu zituela esan du Ugartek. "Ustelkeria" hitza aipatu du. "Batzuek epaitegira joan beharko dute azalpenak ematera". Hala, Gipuzkoako Diputazioak Markel Olanoren, Eneko Goiaren, Luis Mari Apraizen eta Felix Urkolaren deklarazioa eskatuko du auzitegian. Laurek izan zituzten ardura politikoak EAJren agintaldian. Oraingoz, lekuko gisa dekaratzeko eskatuko dute, Arabako Diputazioarekin batera.
Gaur egun EAJren ahaldungai nagusia da Markel Olano, eta Donostiako alkategai Eneko Goia. Felix Urkola Lazkaoko alkategaia da, eta Luis Mari Apraiz, Arrasateko zinegotzia.
Bidegi auziaren bigarren atalari dagokio azken salaketa. Arlabango tunelean egin gabeko lanak ordaindu zituztela salatu du Gipuzkoako Diputazioak. 13,6 milioi euroko iruzurra salatu du Arrasate-Eskoriatza zatian. Aurrez jakinarazi zuen bidegabeko ordainketak topatu dituztela: Arabari zegozkion hamar milioi euro Bidegik pagatu zituela —Arlabango tunela bi herrialdeen artean dago, eta adostu zuten bakoitzak bere zatia pagatzea, nahiz eta Bidegik kudeatu lanak—. Puztutako faktura zela iradoki zuten.
Bidegi auziaren salaketa 30 milioi eurotik gorakoa da dagoeneko. Azpeitiko auzitegia ari da kasua ikertzen, eta datozen asteetan deklarazioa hartuko die inputatuei.
Gaur-gaurkoz, hau da Bidegi auziaren egoera:
1. Lehen kereila. Hiru lagun salatu zituzten: Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti, eta obretako bi enpresatako kide bana: Eptisa-Cinsa ingeniaritzakoa eta Laurena aldi baterako enpresa elkartekoa. Arrasate-Eskoriatza zatian aritu ziren lanean. Bi salaketa zehatz ditu lehenbiziko kasuak. Batetik, Basagoitiko lur biltegiari buruzkoa; haren arrastotik hasi zen auzia. Agiriek zioten ia beteta zegoela biltegia, baina ez zen hala —900.000 metro kubo falta dira—. Lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak zirela salatu zuen. 3,4 milioikoa da ustezko iruzurra. Bestetik, tuneletan salatu dute iruzurra. Zati horretako tunelak aztertu, eta salatu zuten lanak egin gabe pagatu zituztela 10,3 milioi; besteak beste, tunelen jiran ez dagoela esandako hormigoiaren erdia ere.
2. Bigarren kereila. Hiru lagun salatu dituzte Eskoriatza-Arlaban zatiagatik: Zugasti bera eta bi enpresatako kide bana: Eurostudios ingeniaritzakoa, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileetakoa. Bi atal ditu salaketa horrek ere. Batetik, Gipuzkoako Diputazioak salatu du Arabako lanen zati bat Bidegik ordaindu zuela. Obraren kudeaketa Bidegik egin zuen, gero bere zatia Arabak pagatzekotan. Gipuzkoako Aldundiaren arabera, Arabak ordaindu ostean haren zatiko beste hamar milioi Bidegik jarri zituen —faktura puztu zutela iradoki zuten—. Bestetik, Arlabango tunelean aurkitu dituzte irregulartasunak: ordaindu bai baina egin gabeko lanak topatu dituztela dio aldundiak. Hormigoia eta altzairuzko zuntza falta da. 8,4 milioiko salaketa da.