Gipuzkoako AHT abiadura handiko treneko lanetan Eusko Jaurlaritza zorrak ordaintzen ez dela ari salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. ETS Euskal Trenbide Sarea —Jaurlaritzaren menpeko enpresa publikoa da— ari da obrak egiten Gipuzkoan, eta diputazioak azaldu du 2008an akordio bat egin zutela bi erakundeek, errepideetan moldaketa batzuk egin behar baitziren trenbide berria pasatzeko.
Errepideen eskumena aldundiarena denez, hark egin zituen obra horiek: Donostiako bigarren ingurabidean bat —Urumeako zubia zabaldu behar izan zuten—, eta Urumeako autobidean beste hiru —Martutenen, Hernanin eta Andoainen—. 7,5 milioi euroko gastua.
Aldundian EAJ zegoelarik egin zituzten obra horiek, eta Larraitz Ugarte oraingo diputatuak azaldu du Arantxa Tapia zela bide azpiegituretako diputatu. Tapiak berak Jaurlaritzari gutunak biali zizkiola adierazi dute; zor zioten dirua pagatzeko eskatu zuen eskutitz horietan. Aldundira Bildu iritsi zenean, segitu zuen diru horren eske, baina Jaurlaritzak entzungor egiten segitzen duela salatu du Ugartek.
Hori dela eta, dirua bueltatzeko eskatu du berriro ere aldundiak, eta ez du baztertu auzitara jotzea. "Bi aldeek onartu dute obrak egin zirela eta gastua hor dagoela". Egoera horrelakoa izanda, aldundiak nabarmendu du ulertezina dela Jaurlaritza prest agertzea AHTko beste zati batzuen obrak bere gain hartzeko. "Madrilen lanak aurreratzeko prest dago, eta gipuzkoarroi zor digun dirua ordaintzeko, ez".