Zahar etxeak

Gipuzkoako Foru Aldundia ez da agertu zahar etxeetako auziaren inguruko bilerara

Sektoreko enpresa nagusiak, LAB eta CCOO bai, eseri dira ELArekin. Bestalde, UGTrekin adostutako neurriak ezartzeko prozesua hasi du aldundiak.

Gipuzkoako zahar etxeetako erabiltzaileen senideen elkarretaratzea Batzar Nagusietan, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 10a
15:40
Entzun

ELAk joan den astean egin zien biltzeko gonbidapena Gipuzkoako Foru Aldundiari, herrialdean zaharren egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta gainontzeko sindikatuei; helburua zen LHK Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan elkartzea gaur, zahar etxeetako afera bideratzeko. Aldundiak, ordea, aurretiaz egin zion uko deialdiari; LHKn izan dira LAB eta CCOO sindikatuak eta Matia eta Adegi patronalak. Azken hilabeteko lanuzteen ostean, ELAko langileek 148. greba eguna dute gaur, 2018. urteko irailean hasi zirenetik; gaur gatazka konpondu ezean —ez dirudi hala izango denik—, etzi hasiko dute hilabeteko beste lanuzte bat, gaur egun martxan dagoena amaitu eta 24 ordu eskasera. Bileraren aurretik manifestazio bat egin dute beharginek, Zaindu ditzagun zaintzen gaituztenak lelopean. LAB sindikatuak ere ia hogei greba egun egin ditu.

Oraingoz, UGT izan da patronalekin akordio bat erdietsi duen sindikatu bakarra. Azaroaren 8an sinatu zuten ituna, baina soldata igoera batzuk soilik bermatzen ditu, eta gainontzeko sindikatuek arbuiatu egin zuten tratu hori. UGTk erresidentzietako langileen %10 ere ez du ordezkatzen —%60 du ELAk, eta %20 LABek—, baina haiek sinatutakoak langile guztiei eragiten diela. Aldundiak sektoreko 5.000 langileei soldata igotzeko bost milioi euro emango dizkie enpresei.

Sektoreko plazen %80 inguru dira itunpekoak, eta horregatik diote sindikatuek diputazioaren erantzukizuna ezinbestekoa dela. Gaurko bileraren aurretik, Txomin Lasa ELAko ordezkariak gogor hitz egin du aldundiaren kontra: «Azterketa bat gainditu ez eta, konpontzen saiatu beharrean, gurasoei gertatutakoa ezkutatzen saiatzen den haur bat dirudi». Langileek bigarrenez «Gabon gogorrak» igaroko dituztela salatu du, eta ELAk beti duela konponbidea «gehiago ez luzatzeko» itxaropena. Foru aldundiari «hipokrisia» ere egotzi dio, «martxoaren 8an ahoa betetzen zaielako» eta ondoren ez direlako gai «horren sektore feminizatu batean soldata arrakala ezabatzeko» —langileen %90 emakumeak dira—. Biharko, manifestazio batera eta prentsaurreko batera deitu ditu sindikatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean.

Soldatak baino gehiago

UGTk onartutako akordioari buruz, berriz, 2017. eta 2018. urteei dagokien euro bat ere ez dela jartzen kritikatu du Lasak: «Ez dugu bi urteko greba bat egingo dirua galtzea onartzeko». ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, soldata igoerez gain, zerbitzua hobetzeko neurriak eskatzen ari dira. Eskari nagusia zera da, langile bakoitzak zahar etxeetako erabiltzaile bakoitzarekin igarotzen duen denbora luzatzea. ELAren arabera, orain beharginek batez beste egunean 92 minutu eskaintzen dizkiote erabiltzaile bati, eta gutxienez 120ra igo beharko litzateke denbora hori. Lanaldi partzial guztiak egun osokoak bilakatzea eragingo luke horrek.

Bestalde, gaurko bilerara azaldu ez direnek —Gipuzkoako Foru Aldundia, UGT, eta Lares eta Garen patronalak— argudiatu dute negoziazio mahaia dela hitzarmena adosteko lekua.ELA 2018. urteko irailean altxatu zen handik, oinarrizkotzat jo zituzten bi baldintza ez zirelako bete: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea, eta sinatutako akordioa enpresa bakoitzak zigilatzea. Urtarrilaren 10ean da mahaiko hurrengo bilera.

Gutxieneko zerbitzuak

2018. urteko lehen lanuzteen ondoren, Foru Aldundiak %50etik %70era igo zuen greba egunetako gutxieneko zerbitzuen kuota, eta %80ra lan gehien dagoen orduetan; ELAk erabaki horren kontrako helegite bat aurkeztu zuen.

Erabiltzaileen senideak dira azken asteetan gatazkan protagonismoa hartu duen beste eragile bat. Astero ari dira elkarretaratzeak egiten; gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Adierazi dutenez, euren helburua «senideen eskubideak aldarrikatu eta lan gatazkarentzat konponbide bat eskatzea da», eta, horretarako, langileen eskaria berretsi eta zerbitzu hobe bat aldarrikatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.