Zaintzaileen greba ez da amaitu

ELAk Gipuzkoako zahar etxeetan hilabeteko greba hastear duela, UGTk itun bat hitzartu du enpresekin. Langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du, eta beste sindikatuek ez dute ontzat jo akordioa; protestei eustekoak dira

Arantxa Iraola -

2019ko azaroak 9
Aldarri dira oraindik Gipuzkoako zahar etxeetako langileen eskeak. Lan ituna hitzartzeko negoziazio mahaian atzo berriro elkartu ziren Gipuzkoako zahar etxeetako enpresetako arduradunak eta langileen ordezkariak, eta izan zen berritasun bat: UGT sindikatuak akordio bat itundu zuen enpresekin. «Partziala» da: soldata igoeren ingurukoa. Sindikatuak, ordea, langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du, eta gainerako sindikatuek arbuiatu egin dute ituna. Urtebete pasa daramate protestetan herrialderako lan itun baten eske, eta mobilizazioei eusteko asmoa dute. ELA sindikatuak, esaterako, egina du deia etzi hilabeteko greba hasteko, eta eutsi egingo dio. Deitoratu du «lotsagarria» dela onetsi duten akordioa, eta ez duela saihestuko sektoreko langileen «esplotazioa». Hilabeteko greba osatzen badute, 149 greba egun izango dituzte eginda. LABeko langileek ere hamazazpi eginda dituzte, eta kalean jarraitzen dute; hilaren 28rako grebarako deia egina zuten, eta eutsi egingo diote. Uste dute onetsi den akordio partzialak«blokeora» daramatzala lan ituna hitzartzeko negoziazioak, eta ez dakarrela benetako konponbiderik. Hilaren 28an greba egiteko deia egin zuen atzo CCOOk ere: uste du hitzartu duten akordioak soilik soldaten inguruan ekarriko dituela onurak, eta «hutsala» dela: «Benetako arazoa lan ituna lortzea baita».

Egoitzetako egoiliarren senitartekoak, gatazka horren ondorioz zentroetan izaten den zerbitzua okertzen ari dela iritzita, konponbide eske ari dira: diputazioari zuzentzen ari zaizkio. Izan ere, aldundiak itunpean eskaintzen ditu herrialdeko egoitzetako toki gehienak; senitartekoek, beraz, instituzioaren «bezeroak» direla diote, eta hark ziurtatu behar diela arta on baten bermea. Aldundiak, ordea, gatazkaren hasieratik behin eta berriz argudiatu du auzi hau negoziazio mahaian patronalak eta langileek bideratu beharrekoa dela. BERRIAk egindako hainbat galderari idatziz erantzun die asteon Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak, eta jarrera horri atxikita jarraitzen dutela gogorarazi du: «Gure ateak beti daude zabalik hitz egiteko, baina argi utzi dugu une oro lan gatazka ez dela gure eskumena, eta ez dugula ez dagokigun ardura bat gure gain hartuko». Onartu du lehengo astean bilerak egin zituztela langileen ordezkariekin eta egoiliarren senitartekoekin, baina esan du soilik negoziazio mahaian taxutu daitekeela konponbidea: «Bertan aurkezten eta eztabaidatzen ez diren proposamenek ez dute inongo baliorik».

LABeko ordezkari Ane Sarriegik azaldu du ezkor atera zirela Peñarekin izan zuten bileratik: «Aldundian esan zigutenez, ez dute ikusten epe motzean herrialdeko hitzarmenik egongo denik. Onartezina iruditzen zaigu.». ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasaren arabera ere ez dago aldaketa nabarmenik. «Luze doa, gogor doa. Esan zuten ez zutela nahi Bizkaikoaren antzekorik, baina luze doa». Bizkaiko zahar etxeen lan gatazka orain urte bi amaitu zen, eta 350 greba egunetik gora egin zituzten han. Sindikatuen artean estrategia bateraturik ez da; hori da auziaren beste korapilo bat. ELAk sektorean gehiengoa izan arren —ordezkaritzaren %60—, negoziazio mahaitik at dago. Handik kanpo jardun du, hala ere, negoziazioetan. Diputazioak berak eskatuta, ELAko ordezkariek onartu dute zuzeneko hartu-emanetan aritu direla enpresekin; itun bat ere hitzartu zutela kontatu izan dute. Diotenez, ordea, ezin izan zen gauzatu, aldundiak eragotzi egin zuelako. Beste sindikatuek kritikatu egin dute ELA bere kasa ibiltze hori.

Ratioak

Langileen aldarrikapenen artean badira ratioen inguruko eskeak, egoiliarrak behar bezala artatzeko astirik ez dutela baitiote. Peñak aitortu du gaia aintzat hartu behar dela. «Aldaketa demografiko eta sozial sakonak bizi ditugu egun, eta horrek, besteak beste, egoitzetako ratioak sakon berrikustera behartzen gaitu». Egungo eredua, hala ere, goratu du. «Kontuan izan behar dugu Gipuzkoako arreta eredua eredugarria dela; ratio maila altuenak ditugu inguruko lurraldeekin eta estatuarekin alderatuz gero». Gipuzkoan bost bat mila langile dira, gehienak andreak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna