Berria taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute gaur, Berria taldeak 2010ean abiatutako berrikuntzei laguntzeko asmoz. Berria taldeko zerbitzuen berrantolaketari eta teknologia berrietara egokitzeko apustuari babesa ematea da lankidetza akordioaren xedea. Hala, aldundiak 250.000 euroko ekarpena egingo du 2011n.
"Berria taldea etorkizunerako apustu garrantzitsu batean murgilduta dago, eta urrats hori erakundeetatik babestu nahi dugu", azaldu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. 2010ean hasi zuen Berria taldeak bere zerbitzuen berrantolaketa, berrikuntza teknologikoetara egokitzeko.
Bi urtetan, 1.037.000 euroko inbertsioa egin du Berria taldeak. Hitzarmena oso positibotzat jo du Joanmari Larrarte Berria taldeko kontseilari ordezkariak. Akordioarekin "euskararen normalizaziorako eta euskarazko hedabideen esparrua zabaltzeko eta indartzeko" bidea zabaltzen dela nabarmendu du Larrartek.