15 urtetik 30era bitarteko gipuzkoarren gehiengoa euskalduna da, eta azken urteetan proportzio hori haziz joan da gainera. Gazteen elebidun izateak berekin ekarri du, apurka-apurka, euskarak dituen zenbait ezaugarri negatibok indarra galtzea, hala nola euskara hizkuntza inposatua denaren pertzepzioa apalduz doa. Hala, gaur egun gazteen artean gehiago dira uste dutenak gaztelania dela inposatu nahi den hizkuntza, eta ez euskara. Horregatik, datuak eskuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du elebidun izateak gizarte kohesioan sakontzea ekar dezakeela.
Gipuzkoarren hizkuntza pertzepzioen inkesta kuantitatibotik -Hizbegia 07- Foru Aldundiak egin duen interpretazioetako bat da hori. Hain zuzen, interpretazio guztiak txosten batean bildu ditu, eta foru arduradunek argi utzi nahi izan dute interpretazioa lantaldean egin dutela, adituen ekarpen eta iradokizunak jaso dituztela eta udaletako euskara teknikarien parte-hartzea esanguratsua izan dela. Ikerlan horrek 15 urtez gorako 1.200 gipuzkoarri egindako telefono bidezko inkesta bat du oinarri, eta helburua hizkuntzen arteko bizikidetasuna nolakoa den jakitea izan da.
Txosten horretan lantaldearentzat positiboak diren alderdiak azaldu dituzte, eta, ez hain positiboak direnez gain, esanguratsuak diren beste hainbat alderdi ere bai. Hala, alderdi positiboen artean nabarmendu dute, besteak beste, 15 urtetik gorako gipuzkoarren pertzepzioa dela euskara etorkizuneko hizkuntza dela, alegia, luzaroan bizirik iraungo duen hizkuntza izango dela. Halaber, euskara da azken bost urtean hizkuntzekiko interes mailan gorakadarik handiena izan duena. Era berean, gehienen ustez, euskarak izango du gorakadarik handiena gizartean eta baita bakoitzaren erabileran ere.
Alderdi ez hain positiboen artean azpimarratu dute, besteak beste, guztiek uste dutela hizkuntza praktikoena eta beharrezkoena gaztelania dela. Hala ere, euskara, gaztelania eta ingelesaren arteko aldeak ez dira esanguratsuak; bai, ordea, hiru horiek frantsesarekin alderatuta. Bidasoaldeko herritarrak izan ezik, frantsesa ez dela praktikoa diote gipuzkoarrek. Pertzepzio hori dela eta, hausnarketa hau plazaratu nahi izan dute Euskara Departamentuko arduradunek: Ipar Euskal Herriarekin zubiak eraikitzeko ez al litzateke beharrezko izan beharko frantsesaren gaitasuna handitzea?
Bestetik, gipuzkoarren iritziz, euskara da, alde nabarmenarekin, lau hizkuntzetatik zailena, eta adin tarte guztientzako da euskara hizkuntza politizatuena.
Eguneroko bizimoduan euskaraz komunikatu nahi eta ezina nahiko edo oso maiz sentitu dutenak %27 dira. Gainera, gazteagoetan handiagoa da sentimendu hori. Gipuzkoarrek uste dute euskara gehien familian eta udaletxean erabiltzen dela; gutxiago lagun artean, lan munduan, merkataritzan, ostalaritzan eta Foru Aldundian, eta gutxien osasun zerbitzuetan. Halaber, besteen ohitura falta edo erdaraz egiteko ohitura eta euskaraz ez dakien jendea egotea dira euskaraz ez egiteko arrazoi nagusiak.
Elkarlana
Euskararen normalizaziorako euskara elkarte eta taldeen lana da gehien baloratu dutena. Hori dela eta, Estibalitz Alkorta Diputazioko Euskara zuzendariak nabarmendu du garrantzitsua dela instituzioen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea. «Elkarrekin lan egiteak efektua handiagoa izatea ekar lezake, bakoitza bere aldetik joateak, aldiz, normalizazioaren bidean pausoak makal ematea. Lidergo partekatuaren aldeko apustua egiten dugu».
[email protected]
Gipuzkoako gazte gehienek uste dute gaztelania dela inposatu nahi dena
Diputazioak herritarren hizkuntza pertzepzioak aztertu ditu, hizkuntzen arteko bizikidetasuna nolakoa den jakiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu