Hondakinen kudeaketa

Gipuzkoako hondakinak Bizkaira eramateko akordioa itxi dute aldundiek

Bi lurraldeetako aldundiek adostu dute Gipuzkoako 45.000 tona hondakin Bizkaira bideratzeko akordioa.

Bilboko Zabalgarbi erraustegia, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko ekainaren 7a
07:37
Entzun

Gipuzkoak Bizkaira eramango ditu bere azpiegituren bidez kudeatu ezin dituen hondakinak. Behin-behineko irtenbidea izango da hasiera batean; Zubietako erraustegia amaitu artekoa. Udara ondoren hasiko da Gipuzkoa hondakinak Bizkaira bidaltzen. Aurreikuspenen arabera, 20.000 tona bideratuko ditu aurten, eta 25.000 tona izango dira 2019an.

Bizkaiak erabakiko du zein azpiegituratara eraman Gipuzkoako hondakinak. Mallabiako zabortegira bideratzeko aukera baztertuta duela jakinarazi du Euskadi Irratiak, eta ziurrenik Zabalgarbin erraustuko direla aurreratu du.

Dena den, argitzeko dago Bizkaiak hasiera batean jarritako baldintzari eutsiko dion. Alegia, Gipuzkoako hondakinak Zabalgarbin erre aurretik ezinbestekoa izango ote den hondakin horiek aurretiko tratamendu bat jasotzea. Irtenbide horren arabera, kanon bikoitz bat pagatu beharko du Gipuzkoak: hondakinak tratatzeagatik pagatzen dena, eta hondakindegira gaiak bidaltzeagatik ipintzen dena.

Gipuzkoako Diputazioko eledun Imanol Lasak Gipuzkoako hondakinak Bizkaira bidaltzeko aukera desberdinak aztertzen ari zirela adierazi zuen joan den maiatzaren 16an.

"Irabaziak lehentasun"

Erraustegi aeraikiz "negozioa" egin nahi izatea egotzi dio ELA sindikatuak EAJri. "Onartezina da gutxi batzuen irabaziak ingurumenaren eta gizarte osoaren osasunaren aurretik jartzea", kritikatu du. Sindikatuak kritikatu egin du hondakinak Zabalgarbira eramateko erabakia, eta gogorarazidu badela horientzako bestelako tratamenturik erraustu behar izan gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.