Gipuzkoako ikastola guztiek bat egingo dute gaur Azpeitian

09:30ean irekiko dute Kilometroak jaiaren zirkuitua; egun osoko festaren lehen pausoa izango da

Jendea lanean, atzo, Kilometroak jairako prestaketetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Klik bat eginda aurrera goaz...». Kilometroak festarako aurten atondutako kantuaren lehendabiziko hitzak horiexek dira, eta, halaxe, Klik egiteko gonbitea egin dute Gipuzkoako ikastolen festako antolatzaileek, Azpeitiko Ikasberri ikastolako arduradunek. Atzo azken antolaketa lanak egin ostean dena prest da: egun osoan izango da zerekin gozatua. 09:30ean irekiko dute zirkuitua, sei kilometro inguruko ibilbidea.

Ikasberri ikastolak 1995-1996ko ikasturtean egin zituen lehendabiziko urratsak. 450 ikasle aritzen dira egun zentroan, eta Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko eskaintza du. Kezka nagusi bat dute azkenaldian: leku falta. Eraikin gehiago behar dituzte, eta horiek egitera bideratu nahi dute jaiaren bidez lortuko duten dirua. Sei gunetan banatuko dute zirkuitua: Ikastola, Garmendipe, Goena, Loiolatxo, Loiola eta Herriko Plaza. Ume, gazte zein adineko: guztientzako moduko ekitaldiak izango dira. Realaren eta Athleticen arteko futbol partida zuzenean ikusteko aukera ere izango da, Garmendipeko gunean pantaila erraldoi bat jarriko baitute.

Antolatzaileek, ahal bada, garraio publikoan joateko eskatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalegina egin du Lurraldebusen eta EuskoTrenen eskaintzak sendotzeko. Autobus eta tren zerbitzu bereziak ibiliko dira.

Lekukoari harrera

Datorren urteko Gipuzkoako ikastolen jaiari so jarrita, berriz, gaur ilunabarrean —20:00etan, udaletxe azpian— lekukoari harrera egiteko ekitaldia egingo dute Andoainen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.