Hil ondorengo errituak aldatzen ari dira. Erraustu egiten dira hilotzak gero eta gehiago, eta leku bereziren batean zabaltzen. Horrekin batera, hildakoaren oroigarriak ere ugaritzen ari dira leku horietan. Mendiak dira horren adibide. Hernion, esate baterako, azken hamar urteetan hamabost bat gurutze jarri dituzte, hildakoen izen-abizenekin. "Lekuz kanpo hazten ari da kontua, eta kanposantu irudia hartzen ari da". Hernio mendiko egoeraz mintzo da Albizturko alkate Gregorio Iraola.
Hitz egin dute familiekin, ahal izan dutenekin —"saiatu gara guztiekin egoten, baina ezin izan ditugu denak aurkitu"—, eta adierazi diete egoera zein den. "Gehienek onartu eta ulertu dute. Arrazoizkoa dela uste dute". Proposamen bat egin diete: urtebeteren buruan gurutze horiek kentzea euren kabuz. Hernio gailurrean daude gehienak, eta bidean ere hasi dira jartzen. Izenik gabe daude batzuk, ordea. "Akaso, horiek guk kendu beharko ditugu", dio alkateak. Albizturko Udalak ez ezik, Hernion lurrak dituzten beste zazpi udalek hartu dute erabakia. Ez dituzte kenduko nolanahi ere, "kutsu historikoa" duten ikurrak; Hernioko gailurrean 1950etik dauden gurutzeak, adibidez.
Ez da Hernioko arazoa soilik, ordea. Gipuzkoako beste mendi batzuetan ere hilarriak-eta nabarmen ugaritu direla ohartu da aldundia, eta gogoeta hasi du, zer egin erabakitzeko. Mendizaleen kexuak jaso dituztela azaldu du Ismael Mondragonek, Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko zerbitzuburuak. "Kalte estetikoa da gehienbat. Paraje natural batean, elementu arrotzak dira". Donostialdean eta Irun inguruan daude horrelako oroigarri gehienak, aldundiaren esanetan.
Baimenik gabe jarritakoak dira. "Baimen eske etorri direnei ezezkoa eman zaie". Beste proposamen bat egin izan dute familia batzuek: arbolak jartzea oroigarri gisa. Horretarako baimena eman izan du diputazioak, eta orain ere prest azaldu da hilarriak kendu eta zuhaitzak jartzeko. Gaia "tentuz" jokatzekoa dela nabarmendu du, edonola ere, Mondragonek, eta gogoeta egin behar dela.