Erasora pasatu da Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia. EH Bilduren kontra egin du gaur iluntzean Irunen (Gipuzkoa). Gipuzkoako Diputazioan "ardura hartu gabe" aritzea leporatu dio koalizioari. "Gobernatzen duten gobernuak behar ditugu. Ez erabakirik hartzen ez duten, grebetara batzen diren eta erantzukizunik hartzen ez duten kudeatzaileak". Krisiaren aurkako planik ez duelako egin, kontuak eskatu dizkio Urkulluk foru aldundiari.
Eusko Jaurlaritza sozialistarentzat ere izan ditu hitzak. Azken batean, Bilduren eta PSEren gobernuak gisa berekoak direla nabarmendu du. "PSE-PPren gobernuarekin oso kritikoak izan gara, baina orain arazoa handitzen ari da, ezker abertzaleak ere eredu bera hartu baitu. Funtzionatzen ez duen eredua hartu dute. Krisitik ateratzeko, austeritatea behar da, eta gastu publikoan lehentasunak jartzea".
Joseba Egibar GBBko presidenteak hartu du hitza, eta ezker abertzalearen aurka jo du. Urteetan ETAren babesean aritzea egotzi dio.