Gipuzkoan hainbat emakume bortxatu dituen gizonak zazpi urteko zigorra onartu du azken erasoagatik

Araban ia 30 urtez iloba bat bortxatu zuen gizonari hamazazpi urteko kondena ezarri diote.

Elkarretaratzea Tolosan, 2013ko irailean, gizonak han erasoa egin eta gero; 2019an atxilotu zuten. GORKA RUBIO / FOKU
Elkarretaratzea Tolosan, 2013ko irailean, gizonak han erasoa egin eta gero; 2019an atxilotu zuten. GORKA RUBIO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko apirilaren 16a
14:56
Entzun

Gipuzkoan gutxienez sei emakume bortxatzea egotzi zioten gizonaren aurkako azken kasua ebatzi egin du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Akusatuak zazpi urte eta erdiko zigorra onartu du. 2017an gertatu zen epaitutako azken erasoa, Ordizian: emaztearen lehengusina bat bortxatu zuen, lo zegoela haren etxean sartuta eta kloroformoaren bidez emakumearen borondatea baliogabetuz.

Sexu-eraso delitu horrez gain, etxera bortxaz sartzea, intimitatearen aurkako delitua egitea eta lesioak eragitea ere leporatu diote. Fiskaltzak hamalau urteko zigorra eskatua zuen, eta akusazio partikularrak —Clara Campoamor elkarteak—, berriz, hamabostekoa, baina, akordio bat lortuta, zigor eskaerak jaitsi dituzte. Zazpi urte eta erdiko kartzelaldiaz gain, erasotzaileak 60.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio biktimari.

Gizona Palentziako espetxean (Espainia) dago egun, gutxienez 39 urteko kartzela zigorra betetzen, hain justu, beste bost emakume bortxatzeagatik. Eraso denak Gipuzkoan izan ziren, 2012 eta 2019 bitartean: Beasainen, Lasarte-Orian, Andoainen, Tolosan eta Anoetan. 2019ko uztailean atxilotu zuten, Beasaingo erasoaren ondotik.

Bi akordio lortu dituzte, era berean, Iruñean. Batetik, Nafarroako Probintzia Auzitegiak bi urteko zigorra ezarri dio 26 urteko gizon bati, emakume bati sexu erasoa egiteagatik. 2021eko udan izan zen: lagunekin joan ziren biak taberna batera, eta biktima komunera joan zenean, gizonak jarraitu eta han eraso zion, emakumeak ezetz esan arren. Akusatuari mina konpontzearen aringarria ezarri diote, biktimari 7.000 euroko kalte ordaina pagatzeagatik.

Bestetik, bi urte eta erdiko zigorra jarri diote 33 urteko gizon bati, 13 urteko neska bati ukituak behin baino gehiagotan egiteagatik, eta iruzkin eta proposamen sexual «esplizituak» egiteagatik; biktimarengandik urruntzeko agindua ere ezarri diote. Hor ere mina konpontzearen aringarria aplikatu dute, akusatuak 3.000 euro ordaindu zizkiolako biktimari. Neskatoak antsietatea eta buru osasuneko arazoak dauzka ordutik.

Ilobaren aurkako erasoak

Epaiketa gogor baten ebazpenaren berri eman du Arabako Probintzia Auzitegiak: 17 urteko eta lau hilabeteko zigorra ezarri dio gizon bati, ia 30 urtez haren ilobari sexu erasoak egiteagatik. Epaiaren arabera, neskatoak 12 urte zituenean hasi ziren abusuak, gizona biktimarekin bizi zenean —aitaren modukoa zen—; biktima emantzipatu zenean, bortxaketez gain lapurretak ere egin zizkion erasotzaileak, eta, dirua emateari uko egiten bazion, jo egiten zuen.

Emakumeak ondorio psikologiko oso larriak izan ditu: gaztetan anorexia nerbiosoa izan zuen, eta gerora hainbat tratamendu psikiatriko jaso ditu; besteak beste, lau urtez egon da ospitaleratua. Epaiak dio ez dela «inoiz sendatuko». 65 urte ditu egun gizonak; 27 urtez biktimarekin komunikatzea debekatu diote, eta 20.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.