Indarkeria matxistagatik umezurtz geratutakoak diruz lagunduko ditu Jaurlaritzak

Indarkeria matxista erabiliz gizonek hil dituzten emakumeen seme-alabei urtean 5.000 euro baino gehiago emango dizkie Jaurlaritzak, 18 urte bete arte. Atzerako eragina izango duen 10.000 euroko diru laguntza bat ere jasoko dute.

Hilketa matxista bat gaitzesteko mobilizazioa, iaz, Orion (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Hilketa matxista bat gaitzesteko mobilizazioa, iaz, Orion (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 16a
09:25
Entzun

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu du gaurko gobernu kontseiluan, indarkeria matxistagatik umezurtz geratutako haurrei eta gazteei diruz laguntzeko. IPREM askotariko eraginetarako errenta adierazle publikoaren —Espainiako Gobernuaren aurrekontuak zehazten du urtero zenbatekoa— %80 jasoko dute urtean; gaur egungo zenbatekoaren arabera, 5.760 euro jasoko dituzte urtean. Halako bi jasoko dituzte desgaitasunen bat edo menpekotasuna duten bikimek; 11.520 euro urtean, alegia.

Indarkeria matxista erabiliz gizonek hil dituzten emakumeen seme-alabentzat dira diru laguntzak. «Seme-alaba adingabeak ere indarkeria matxistaren biktimak dira. Haien amen aurka ezarritako indarkeriaren biktima zuzenak dira, haien ongizate emozionala eta garapen pertsonala baldintzatzen duelako», azaldu du Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuak.

Jaurlaritzak zehaztu duenez, diru laguntza hori urtero jasoko dute 18 urte bete arte. Zenbait kasutan, ordea, 25 urte bete arte ere jasotzeko aukera izango dute: ikasketa arautuak egiten ari baldin badira, edo gutxienez %33ko desgaitasun edo menpekotasun maila baldin badute. Gainera, diru laguntza jasotzeko baldintza da 18 urte baino gutxiago izatea haien ama hil dutenean, eta 21 urte baino gutxiago izatea laguntza eskatu dutenean. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea eta bizitzea ere baldintza gisa jarri dute.

Dekretua indarrean jarri bezain pronto eskatu ahalko dituzte laguntzak Jaurlaritzako Herritarren Arreta Zerbitzuaren bitartez. Gaur onartu duten dekretuak Eusko Legebiltzarrak iaz onartutako Berdintasun Legea garatzeko xedea duela azaldu du Melgosak: «Pauso bat gehiago da indarkeria matxistaren biktima mortalen seme-alaba adingabeak babesteko».

Atzerako eragina

Gainera, dekretua martxan jarriko dutenetik, atzerako eragina izango duen 10.000 euroko diru laguntza bat jasoko dute indarkeria matxistaren bidez ama hil dieten seme-alabek. Diru laguntza jaso ahal izateko, biktimek adingabeak izan beharko zuten haien ama hil zutenean, eta 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatua behar du hilketak. Data hori jarri dute muga, orduan hasi zirelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hilketa matxistak erregistratzen. Ordainketa bakarreko laguntza eskatu dutenek bi urteko epean jasoko dituzte 10.000 euroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.