Yamiled Giraldoren hilketarekin zerikusia duten guztien zigorrak berresteko eskatu du Fiskaltzak Auzitegi Gorenean. Izan ere, auziko defentsak jarritako helegitea aztertzen hasi da auzitegia, eta alde bakoitzak bere jarrera azaldu du berriro.
Helegiteak ez onartzeko eskatu du fiskaltzak, eta adierazi du Nafarroako Auzitegiak emandako epaia «akatsgabea» dela. Hala, zigorrak «oso-osorik» berresteko eta betearazteko eskatu du.
Nafarroako Auzitegiak frogatutzat jo zuen espetxean ziren bi lagunek —Jose L.L.-k eta Pedro G.P.-k— agindu zutela Yamiled Giraldo hiltzeko. Horretarako, Karlos I.M. eta Nira A.M.-rekin hitz egin, eta hilketa prestatu zuten. Hala, 2009ko apirilaren 25ean Nira A.M.-k eta Karlos I.M.-k Yamiled Giraldo hil zuten, harekin bildu zirela aprobetxatu, eta bederatzi tiro emanda.
Giraldo hiltzeko agindu zuten bi presoak prostituzio sare bateko arduradunak ziren, eta Yamiled Giraldok salatu zituen prostituitzera behartzeagatik eta sexu abusuak egiteagatik.
Lau lagunei 20 eta 22 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Nafarroako Auzitegiak, hilketarekin zerikusia izateagatik.
Hilketa agindu zuen Jose L.L.-ren abokatuak argudiatu du epaiak bere bezeroaren errugabetasun presuntzioa urratu egin duela. Jose L.L. zigortzeko froga nahikorik ez zela aurkeztu argudiatu du. Bestalde, hiltzaileen laguntzaile ez baizik eta konplize izan zirela nabarmendu du defentsak, eta hori ere aztertu beharko du auzitegi gorenak. Horregatik, akusazio printzipioa urratu egin dutela salatu du defentsaren abokatuak.
Giraldo hil zutenen zigorra berrestea nahi du fiskalak
Cordovillako krimenaren helegitea hasi da aztertzen Espainiako Auzitegi Gorena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu