Giraldok ez zuela «ihesbiderik» izan dio foruzain batek

Polizia zientifikoak emandako datuen arabera, bederatzi bala zorro aurkitu zituzten hilketa izaniko tokian

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Yamilet Giraldoren hilketa ikertu zuten foruzainetako baten arabera, Giraldok ez zuen «ihesbiderik» izan. Hala adierazi zuen atzo, kasua epaitzeko hirugarren egunean. «U formako oinezkoentzako sarbide batean egin zioten tiro, eta ezinezkoa zen handik ihes egitea». Hala, aurrez prestatutako hilketa bat izan zela baieztatu zuen. «Kamerarik ez dagoen inguru bat da, eta oso bizilagun gutxi bizi dira. Hortaz, emakumea hil ostean, oso erraz alde egin zezaketen». Giraldok hiltzailea ikusi zuela ere ziurtatu zuen. «Hortaz, pentsatuko zuen zer gertatuko zitzaion».

Ikerketari buruzko beste hainbat xehetasun ere eman zituen, tartean Giraldori lana eskainiz dei egin zioten telefono zenbakiari buruzkoak. «Zenbaki horretan inputatuen arteko deiak daudela ikus daiteke». Ikerketaren arabera, deirik egin edo jaso ez zuen bakarra Jose Lareo Lopez izan zen, ustez hilketa agindu zuena.

Ustezko hiltzaileek ihes egiteko erabilitako autoaren miaketan parte hartu zuten foruzainetako batek ere deklaratu zuen. Hark adierazi zuen autoa Nafarroako Erresuma futbol zelaiaren alboan aurkitu zutela, eta barruan giltza bat aurkitu zutela. Giltza Rodrigo Solaecheren garajearen sarrerakoa zen. Giraldori berak egin ziola tiro aitortu zuen Solaechek astelehenean egindako deklarazioan. Atxilotu zutenean, Solaeche «oso urduri» zegoen, beste foruzain batek adierazi zuenez. «Hainbat lapurretatan parte hartu zuela aitortu zuen, baina ez zela hiltzaile bat».

Jose Lareoren autoa ere miatu zuten. Barruan Bilboko ikertzaile agentzia bati eskatutako dossier bat eta 8.400 euro aurkitu zituzten. Dosierra ez zen Giraldori buruzkoa, baina beste emakume bati buruzko informazioa biltzen zuen.

Foruzainez gain, Polizia zientifikoko kide batek ere deklaratu zuen atzo. Hark emandako datuen arabera, bederatzi bala zorro aurkitu zituzten hilketaren lekuan.«Tiroak bi tokitatik egin ziren, biktima zegoen lekutik hiru eta sei metro arteko distantziara. Biktimak sei bala zauri zituen, horietako bi buruan, eta beste bat kopetan».

Atxilotu bat Berriozarren

Berriozarren (Nafarroa), 28 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehenean udaltzainek, ustez bikotekideari eraso egiteagatik. Udaltzainek dei bat jaso zuten gertaeraren berri emanez. Bikotearen etxera bertaratu zirenean, eztabaida gogorra izan zutela ikusi zuten, eta emakumeak kolpeak zituela. BiktimaBerritzarreko osasun etxera eraman zuten, medikuek arta zezaten; ustezko erasotzailea, berriz, han bertan atxilotu zuten. Atxilotuak aurrekariak ditu, baina ez emakumeen aurkako indarkeriari lotutako delituengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.