Giza kate jendetsua euroaginduen aurka

Baiona eta Angelu artean egin dute ekimena, eta 1.500 herritar eta hautetsi ugari batu dira

Euroaginduen aurkako ehunka kamiseta laranja ikusi ahal izan ziren. B. EDME.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Jende ugari bildu zen atzo Baionako Saint Leon biribilgunearen eta Angeluko Geant Casinoren artean eginiko giza katean. Antolatzaileen arabera, 1.500 pertsona izan ziren bertan. Mobilizazioa arratsaldeko hiruretan hasi zen, eta 16:20ean amaitu. Ehunka eta ehunka jendek jarri zituzten euroaginduaren aurkako kamiseta laranjak, elkartasun uhina irudikatuz. Pankarta eskuan, Ipar Euskal Herrian gehien erabiltzen den bidean harridura nabarmena eragin zuen ekimen honek protestan parte hartu ez zutenengan.

Zortzi gazteen familiak zein lagunak ikusi ahal izan ziren bertan. Irati Tobar zortzietatik aske geratzen den SEGIko militante bakarra ez bazen ere ikusi, bereetxean babesa ematen ari zaion Iker Elizalde Hendaiako hautetsi abertzalea bertan zegoen. Baita ere Alice Leizagezahar Europe-Ecologie alderdiko Akitaniako kontseilaria, bi gazte etxean hartu zituena eta Endika Gomez Perez militantearen atxiloketan presente egon zena. Hauteskunde kanpaina bete-betean dela eta, hautagaiak ere ez ziren falta izan; EHBaiko Juliette Bergouignanek, Peio Mentak eta Maite Etxeberrik parte hartu zuten ekimenean.

Euroaginduaren aurkako komiteko kideak ere ikusi ahal izan ziren, horien artean Francis Charpentier Solidaireko kidea.«Gaurko [atzoko] mobilizazioa arrakastatsua izan da; bistan da, jende aldetik, baina baita ere politikoki, euroaginduaren aurkako aldarrikapenarentzat», adierazi zuen. Gaineratu du «biziki momentu garrantzitsua» izan dela, «Frantziako eta Espainiako estatuak prestatzen ari zaizkigun gero goibela kontuan hartuta».

Aste gorabeheratsuak

Aste biziak izan dira, Izpuran itxialdia hasi zenetik azken atxiloketak eman ziren arte. Arrakasta nabarmena izan zuen itxialdiak berak, eta antolatzaileak «biziki pozik» atera ziren. «Beste urrats bat egin da, nazionalitatearen eztabaida gaindituz», adierazi zuten.

«Kantalditik atera ginenean espero genuen bizitza normala hasiko genuela, bakoitzak bere hautetsien herrietan», adierazi zuen Tobarrek. Baina, azkenean, joan den astelehenean bertan, Beñat Lizeaga, Aitziber Plazaola, Aiala Zaldibar eta BergoiMadernaz atxilotu zituzten. Bi egun geroago, asteazkenarekin, modu bortitzean prentsaurreko batera zihoazela Jazint eta Xalbador Ramirezen txanda izan zen. Endika Gomez gazteak prentsaurrekora iristea lortu bazuen ere, etxerako bidean Frantziako Poliziak atxilotu zuen, berriz ere jarrera oso bortitzarekin, autoko berinak hautsi eta hautetsiak zein kazetariak armaz mehatxatuz eta joz. Gaurko egunean guziak Murret Seysseko espetxean daude, euroaginduaren epaiketaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.