Lelo bakarra errepikatu dute bide osoan: "Haur eskolak euskaraz". Aldarrikapen hori Iruñeko karriketara eraman dute euskalgintzako elkarteek. Giza katea antolatu dute, eta haren eskutik, dozenaka herritarrek Arrotxapetik Udaletxeko plazarainoko bidea egin dute, Nafarroako hiriburuko auzo guztietan haur eskolak nahi dituztela argi uzteko.
Egun Txantrean daude euskarazko bi haur eskola bakarrak. "Haietako bat Arrotxapera eramanen dute, baina toki kopurua ez da aldatuko", azaldu du Sortzeneko arduradun Gari Torregrosak. Gurasoak eta haurrak izan dira nagusi, ibilbide osoan. Besta giroan egin dute, musika eta eguraldi epela lagun.