Ingurumena. Hego Euskal Herriko ibaien egoera

Gizakia, uretan islatuta

Azken berrogei urtean ibaietako uraren egoera hobetu bada ere, oraindik sufritu egiten dute, industriaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta hirien presioaren ondorioz.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Gizakiek ibaietan utzitako aztarna agerikoa da. Gizadiaren garapenaren laguntzaile isilak izan ostean, herri eta hirien gorakadarekin eta industrializazioarekin batera, ibaien osasun ekologikoa kolokan jarri zen. Gainbeheraren aurka, ibaiak lehengoratzeko neurriak jarri zituzten abian administrazioek. 1970eko hamarkadatik, hobekuntza nabaria izan du ibaietako uraren egoerak. Administrazioaren lanak eta, bereziki, kutsatzaileak ziren enpresa batzuen gainbeherak erraztu du hori. Dena den, oraindik bide luzea dago egiteko Hego Euskal Herriko toki askotan.

Ibaiak lehengoratzeko politikekin batera uraren egoeraren berri izateko neurketa sareak ezarri ziren. Hego Euskal Herrian laginak hartzeko ia 250 gune daude, ibaietako uraren egoeraren jarraipena egiteko. Urteetan neurketak egiteko irizpideak ezberdinak izan diren arren, Europatik aginduta datorren uraren esparru zuzentarauarekin batera ados jartzeko pausoak ematen hasi ziren 2000. urtean. Ibaien egoera hidromorfologikoaz gain horien egoera aztertzeko hiru neurketa egiten dituzte Nafarroako Gobernuak eta EAEko Ura agentziak. Alde batetik, uraren kalitate fisiko-kimikoa aztertzen da: nitrogeno eta oxigeno kopurua, uraren azidotasuna... Bestetik, egoera biologikoaren azterketa egiten da: arrainak, ornogabeak, landareak... Azkenik, kutsatzaileak hartzen dira kontuan.

Datu horiek erreferentziazko datuekin alderatzen dira gero. Erreferentzia hori lortzeko, gizakiaren eragina sumatu aurretik ibaiaren egoera hartzen da kontuan, eta, oinarri horrekin dauden aldaketen arabera, mailaketa egiten da: oso ona, ona, erdikoa, txarra edo oso txarra. Dena den, Arturo Elosegi Biologian doktore eta EHUko irakasleak azaldu dukutsatzaileen kasuan gizakiarentzat arriskurik ez dakarten kontzentrazio mailak hartzen direla kontuan. Dena den, ibaiak berez legokiekeena baino askoz ere kutsatuago daudela gogorarazi du Elosegik.

Egindako lana ona izango dela ziurtatzeko ezkor jokatzen dutela azaldu dute uraren kudeaketaren arduradunek. Hau da, urtean egiten diren neurketen artean txarrena hartzen dute; irakurketa bat ona bada eta bigarrena txarra bada, azken hori hartzen da kontuan lan egiterakoan.

Gizakiarekin batera, arazoa

«Gizakia tartean badago, arazoak egongo dira». Horrela laburbildu du gizakiak ibaietako uraren egoeran duen eragina Ura agentziako teknikari batek. Baieztapen hori argigarria da Gipuzkoako eta Bizkaiko ibaien egoera ulertzeko, bertako herri, hiri eta industrialde gehienak ibaien ondo-ondoan eraiki baitira. Azken hogei urtean hobekuntza nabariak gertatu direla gogorarazi du Ura agentziak. Kadagua, Urola, Oiartzun, Urumea... Ibai askotan hobetu da egoera, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera kezkagarriak daude oraindik ere.

Ibaizabal gorriz agertzen da mapan, eta horrek kezka sortzen du Ura agentziako teknikariengan. Bertako saneatze osoa eginda dagoela adierazi diete ibai arro horietako arduradunek, baina neurketek agerian uzten dute ez dela nahikoa. Eta nerbioi ibaian dauden arazoak araztegi faltaren ondorio direla argitu du Ura agentziak.

Gipuzkoan Debaren egoera da kezkagarriena. «Beti izan da txarrena». Ibaia estalita igarotzen da Eibartik, eta zaila da bertan gertatzen diren isuriak eta garbiketa kontrolatzea. Arabako ibaietako uraren egoera hobea izan arren, Arabako Lautadako egoera ez da bereziki baikorra. Araia, Agurain, Dulantzi, Gasteiz, Langraiz... «N-1 errepidearen inguruan dagoen hiri luze baten modukoa da, industria eta guzti». Saneatzean hainbat lan aurreikusita daudela gogorarazi du Ura agentziak. Dena den, lautadako nekazaritzak ere eragina du uraren egoeran.

Elosegik ohiko azterketetan agertzen ez diren erreka txikien egoera ekarri du gogora. Mijoa erreka (Gipuzkoa) adibidetzat jo du, kontserba enpresen isurien ondorioz oso egoera txarrean baitago.

EAEko ibaien %35 egoera onean daude, eta %25 uraren esparru zuzentaraua betetzear daudela zehaztu dute. Hain zuzen ere, ibaien bilakaera ona da, eta mantso gertatzen den arren hobera doazela gogorarazi dute.

Nafarroako egoera oso bestelakoa da mendebaldeko probintzietakoarekin alderatuta. Ibaiek ez dute gizakiaren eragina horrenbeste jasaten, eta uraren egoera hobea da, oro har. 2005eko garbiketa plana garaiz betetzearen ondorioa dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak, eta ordurako 2.000 biztanletik gorako herri eta hirien garbiketa egina dagoela gogorarazi du.

Dena den, Arga, Ega, Arakil, Ultzama, Larraun eta Zidakos ibaien erdiko eta beheko zatietan egoerak okerrera egiten duela gogorarazi du. Kutsadura organikoa da arazo nagusia, behar baino fosfato, nitrato, nitrito eta amonio kopuru handiagoa dagoelako. Zidakosen nekazaritza da eragilea, eta Arakil inguruan, berriz, abeltzaintza, Ingurumen Sailaren arabera.

Kutsadura organikoaren ondorioz,Hego Euskal Herriko ibai askotan gertatu da mantenugaien gorakada, eta horrek, besteak beste, alga batzuen gorakada dakar, eta horiek kalte egiten diote ibaiaren egoerari.

Kutsatzaile gehiago

Egungo laginen azterketan kontuan hartzen diren elementuez gain, bertan agertzen ez diren kutsatzaile batzuk daudela ohartarazi du Elosegik, neurri batean botikekin lotutako kutsatzaileak: hormonak, kafeina, botiken hondarrak... Kutsatzaile berriak diren neurrian ez dago garbi zeintzuk diren mugak, eta, ondorioz, ez dago araututa. Zadorran eta Arga ibaian —Iruñetik behera— era horretako kutsatzaile asko dagoela azaldu du Elosegik: «Gaur egungo araztegiek ia ez dute kutsatzaile horien gaineko eraginik; botikak ia aldatu gabe ateratzen dira».

Animaliek kutsatzaile horiek organismoan metatzen dituztela azaldu du Elosegik. «Gantzetan pilatzen dira, eta horrek desorekak ekar ditzake, desoreka handi samarrak: arrainen sexuan, esate baterako».

Azken 30 urtean uraren kalitatearen hobekuntza agerikoa izan arren egoera hidromorfologikoan atzerapausoak gertatu direla gogorarazi du Elosegik. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak horren inguruko politikak egin arren degradazio hidromorfologikoa handia dela nabarmendu du: «Babestutako guneetan ere kanalizatzen jarraitzen dugu». Kanalizatzekin batera espezie batzuk desagertzear gelditu dira, muturluze piriniotarra kasu. «Uste dut jendeak ez diela kanalizatzeei garrantzi handirikematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.