Murrizketei, bertze behin, ezetz erran diete herritarrek karrikan. Iruñean eta Donostian manifestazioak egin zituzten, atzo, hainbat sindikatuk eta eragilek antolatuta. Iruñean 2.000tik gora lagun joan ziren, eta beste horrenbeste Donostian. Mezu bera zabaldu nahi izan zuten denek: murrizketek gizarte eta lan eskubideen aurka egiten dutela. Iruñean, neurri horiek bertan behera uzteko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.
Autobus geltoki zaharraren paretik abiatu zen protesta Iruñean, eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean amaitu zen. Bidean, UPNren eta PSNren kontrako oihuak egin zituzten, behin eta berriz. Manifestazioa hasi aurretik, Nafarroako Gobernua «sektore publikoa suntsitzen» ari dela salatu zuen ELAko Mitxel Lakuntzak. Zerbitzu publikoen kontrako erasoen aurrean herritarrek karrikara atera behar dutela gaineratu zuen LABeko Igor Arroyok: «Gobernuak atzera egiten ez badu, herritarren kexa are ozenago entzunen da, eta gobernua gizartearen gehiengoaren aurka ariko da». Lakuntzak eta Arroyok nabarmendu zuten gizarte mugimendu anitzek bat egin zutela atzoko manifestazioarekin, eta horrek erakusten duela herritarren haserrea eta kezka.
Osasunaren eta hezkuntzaren esparruko murrizketak salatu zituzten manifestariek. Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeko langileen aldarrikapenak erakusten zituzten hainbat pankartak, zerbitzu hori pribatizatzeko urratsak egin baititu Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzako murrizketen kontrako leloak, berriz, behin eta berriz errepikatu zituzten ibilbide osoan.
Etorkinen eskubideen aldeko leloak ere protagonista izan ziren atzoko protestan. Osasunaren arloko murrizketek paperik gabeko etorkinak baztertzen dituztela salatu zuten manifestariek, erakutsi zituzten txartelen bidez.
Zerbitzuak, kolokan
Nafarroako Parlamentuaren aurrean, SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek eta Ikasle Abertzaleak taldeko Antxon Barberiak hartu zuten hitza. «Lan eta gizarte eskubideen kontrako erasoa da hau», erran zuen Barberiak, murrizketen harira. Nafarroako Gobernuak hartutako neurriek batik bat gizarte zerbitzuei eragiten dietela gaineratu zuen, osasunaren eta hezkuntzaren gisako arloen aurrekontua jaitsi dutelako eta gizarte laguntzak jasotzeko baldintzak aldatu dituztelako. «Herritar asko gelditu da laguntzak jasotzeko eskubiderik gabe», salatu zuten.
Halako neurriak hartu bai, baina aberatsenei zergak barkatzen jarraitzen du Nafarroako Gobernuak, Barberiak salatu zuenez. «Ez dago iruzur fiskalari aurre egiteko borondaterik». Murrizketen eta erasoen aurrean aukera bakarra mobilizazioa dela gaineratu zuen Ikasle Abertzaleak taldeko kideak. Nafarroan, hain zuzen ere, bi greba egun izanen dira datorren astean, 29an eta 31n. Hezkuntzan izanen da 29an, eta funtzio publiko guztian 31n. Ekainaren 2an, gainera, hezkuntzako murrizketen aurkako bertze manifestazio bat eginen dute.
Donostiako manifestazioak ere 2.000 lagun inguru elkartu zituen. ELA, LAB, ESK, Hiru, EILAS eta CNT sindikatuek eta dozenaka eragilek antolatu zuten. Lan erreformaren eta «lapurren» kontra egin zuten aldarri, eta gizarte eskubideak eta lan baldintzak babesteko eskatu zuten. Eskubide horiei eusteko, mobilizatzera deitu dute ELAko Adolfo Muñozek eta LABeko Jabi Garnikak.
Gizarte eta lan eskubideen aurkako erasoa salatu dute herritarrek kalean
Protestak egin dituzte hamaika sindikatuk eta gizarte taldek Donostian eta Iruñean, onartutako murrizketen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu