PPk argi hitz egin du, baina ez bere lehendakarigaiaren ahotik. Antonio Basagoiti Madrilen zegoela, Javier Maroto Gasteizko alkateak aurkeztu ditu alderdi horrek proposatzen dituen murrizketak. Beste alderdiak gizarte politiketan murrizketarik ez dutela egingo adierazten ari diren honetan, PPk botoa eskatu die «laguntza publikoak bizi-estilo bihurtu direla uste duten herritarrei».
Gasteizen eginiko ekitaldi batean, aurkeztu du Marotok «iruzurrari eta gizarte laguntzen abusuei aurre egiteko dekalogoa» aurkeztu du Marotok. PPren proposamenak etorkinak ditu jo puntuan, haientzako laguntzak pribilejio gisa aurkeztuz. «Badaude gizarte laguntzak jasotzen dituztenen artean zenbait ni baino indartsuagoak direnak, ni baino gazteagoak direnak edo ni bezala lan egin dezaketenak. Baina, hala ere, gizarte laguntzetara jotzen dute eta ez diote gizarteari itzultzen honek erakutsi dien elkartasuna», adierazi du.
Besteak beste, gizarte laguntzak eskuratzeko, etorkinei bost urteko errolda exijitzeko eskatu du PPk — egun, hiru urte eskatzen dira edo Espainian bost urte lan egin izana—. Eta bi urte igaro ondoren, beren egoera araupetu ez dutenei laguntzak kentzea proposatu du. Era berean, lapurretagatik edo eraso sexistengatik aurrekari polizialak dituztenei laguntzak ukatzea galdegin du.
Laguntzei dagokien diru kopurua ere mugatu nahi du PPk. Bakarrik bizi diren herritarrek ezin izango dute gutxiengo soldata interprofesionala baino diru kopuru handiagoa jaso —641,40 euro EAEn—. Diru horri gehitu dakioke etxebizitzarako diru laguntza —250 euro—.
Marotok, halaber, proposatu du «arrazoitu gabe» lan bati uko egiten dioten herritarrak administrazioen diru laguntzak jaso beharrean «komunitatearen aldeko lanetara» bideratzea.
Zerga iruzurra era aipatu du, kasu honetan ere etorkinekin lotuta. Etorkinak kontratatuz iruzur egiten duten enpresak kontrolatzeko neurriak eskatu ditu.
Madrilera, laguntza eske
Ez da lehenengo aldia PPk gisa horretako murrizketak proposatzen dituena. Maiatzean, bere blogean idatzitako artikulu batean, Basagoitik defendatu egin zuen Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua, «legez kanpo» dauden etorkinei osasun txartela eskuratzeko «oztopoak» jartzeagatik. «Zailtasun garai honetan, lehentasunak jarri behar dira, gehien behar duten euskal herritarren alde eta legez kanpo dauden lagunen kalterako», esan zuen PPko lehendakarigaiak, Denentzako osasunaren alde, baina lehenengo etxekoentzat izenburua zuen artikulu batean.
Basagoiti Madrilen zela egin zuen dekalogoaren aurkezpena Marotok, atzo, alderdiko gazteek lagunduta. Basagoitik, berriz, independentismoaren aurkako jarrera irmoa agertzera eta espainiarrei «laguntza» eskatzera joan zen Madrilera. Besteak beste, esan zuen Patxi Lopez berriz babesteko prest egongo litzatekeela.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP
Gizarte laguntzak murriztu nahi ditu PPk, «bizi-estilo bihurtu direlako»
Etorkinak jarri ditu jo puntuan; besteak beste, proposatu du bi urtez paperik gabe daudenei laguntzak kentzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu