EUSKAL PRESOAK

Gizarte sostengua bilatuko du Etxerat-ek, senideei babesa indartzeko

Hainbat arlotako pertsona ezagunek bat egin dute Etxerat-ek abiatu duen kanpainarekin. Etxerat lagun egiteko deia egin die herritarrei, euskal presoei osasun laguntza eta laguntza juridikoa eskaini ahal izateko.

Etxerat elkarteko ordezkariak, kanpainarkin bat egin dutenekin batera, gaur, Bilbon, babes kanpainaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
Berria
2017ko azaroaren 25a
15:16
Entzun

Orain hilabete iragarri zuen Etxerat elkarteak bere gain hartuko zuela euskal presoei osasun laguntza eta laguntza juridikoa eskaintzeko ardura. Helburu horri heltzeko, babes kanpaina abiatu du elkarteak, eta gaur aurkeztu du, Bilbon.

Etxerat lagun egiteko kanpaina jarri du abian Etxerat-ek, eta babesa gizartearen askotariko sektoreetan eskuratzeko asmoa agertu du. "Euskal Herriko gizartearen espektro zabal baten sostengua eta inplikazioa ezinbestekoa da. Hori islatzen dugu gaur mahai honen inguruan bildu garen aurpegiok".

Ildo horretan, elkarteak hainbat bilera egin dituela jakinarazi du. "Erronkari aurre egiteko, eragile politiko, sindikal eta sozialekin, langile eta enpresaburuekin, kirol eta kultura munduko erreferentziazko pertsonekin eta elizarekin batu da aurreko asteetan Etxerat elkartearen ordezkaritza, inplikazioa eskatuz". Orain arteko erantzuna "baikorra" dela iritzi arren, lana ez dela amaitu nabarmendu du elkarteak.

Etxerat-ek adierazi du gatazkaren ondorioen auzia gainditzeko "urrats atzeraezin bat" ematen lagundu nahi duela, eta horretarako ezibesteko jo du akordio zabalen bidez euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia indargabetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.