Josu Uribetxebarria askatzeari buruzko azken erabakia atzeratzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta horrek presoaren egoera okertzea besterik ez dakar, Herrira mugimenduaren iritzian. «Haren heriotza aurreratzen ari dira, eta euskal gizarteak ez du nahi gatazkaren ondorioz inor gehiago hiltzea». Donostiako Ospitalean dago preso Uribetxebarria, hirugarren graduan—erradioterapia tratamendua hartzen ari da, hilaren 12ra arte—. Espetxe Zaintzako epaile Juan Jose Castrok baldintzapeko askatasuna eman zion, gaixotasun larri eta sendaezina duelako, baina Fiskaltzak helegitea jarri du. Behin betiko erabakia jakin arte Uribetxebarriak preso jarraituko du, eta Herrira-ren esanetan, «preso jarraitzen duen egun bakoitzak haren bizitza arriskuan jartzen du».
Donostiako erietxean bertan egin zituzten adierazpenak Herrira mugimenduko Nagore Garciak eta Beñat Zarrabeitiak, atzo. Elkarretaratzea egin zuten han. «Gizarteko gehienen nahiaren kontra» doa fiskalaren helegitea, haien iritzian; alegia, «bake eta konponbidearen nahiaren kontra». Hori ez ezik, «giza eskubide urraketa nabarmena» ere badela salatu dute. Egoera «muturrera» eramateko asmoari zor zaio fiskalaren helegitea, Garciaren arabera: «Bakearen eta konponbidearen aurka eta gatazka elikaturik jarraitzeko asmoa duten sektoreen mendeku gosea asetzera baino ez dator».
Herrira-k ikusten duen aukera bakarra Uribetxebarria libre uztea da, eta, bozeramaileen iritzian, horixe da euskal gizartean gehienen nahia ere, baita «Euskal Herriko eta nazioarteko eragile gehienena» ere. Hala, giza eskubideak berehala errespetatzeko deia egin dute, eta Uribetxebarria libre uzteko eskatu, «hori baitagokio legez eta eskubidez».
Auzia lehenbailehen argitu behar dela uste du PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek ere. Baina ez du hori esan Uribetxebarriaren osasunak kezkatzen duelako, baizik eta gaiaren inguruan «inoiz egon behar ez zuten» eztabaidak isiltzeko. Pastorrek nabarmendu duenez, gai honek ez zuen eztabaidagai izan behar, bi arrazoirengatik: jarraitu beharreko protokoloa zehaztuta dagoelako, batetik, eta «Batasunaren munduari propaganda egiteko bakarrik balio izan duelako», bestetik.
Izan ere, PPren barnean zalaparta handia sortu du gaiak. Barne Ministerioak hirugarren gradua eman zion Uribetxebarriari, eta, hala, baldintzapeko askatasunari bide eman zion. Fiskalak, ordea, askatasun horren kontrako helegitea aurkeztu du, Justizia Ministerioaren babesarekin. Jaime Mayor Oreja eta Esperanza Aguirre, esate baterako, publikoki agertu dira presoa aske uztearen kontra, eta gobernuak gai honetan izan duen kudeaketa salatu dute.
PPko antolakuntza idazkariorde Carlos Florianok hitz egin zuen atzo Bilbon, Antonio Basagoiti eta Iñaki Oiarzabalekin batera emandako prentsaurreko batean, eta esan zuen gobernuaren planteamenduak zalantzan jartzea ez dela «atsegina». Fiskalaren helegitea «onartu eta errespetatu» egiten duela gaineratu zuen, «prozedura judizialetako urrats guztiak bezala». Epailearen azken erabakiarekin ere halaxe egingo duela jakinarazi du. Basagoitik, berriz, Espainiako Gobernuaren eta PPren batasuna defendatu zuen, eta Justizia ministroa eta Barne ministroa «erabat ados» daudela azpimarratu du.
Josu Erkoreka EAJko diputatuaren iritzian, berak sustatutako ekaitza ari da jasaten orain PP. Azken urteetan espetxe politikaren kontra «jaurtitako garrasien» ondorioa da, haren ustez, Uribetxebarriaren auziak sortutako eztabaida. Ez du harritu PP «lokaztegi horretan harrapatuta» ikusteak: «PPk berak abian jarri dituenpolitika demagogikoen hautsetatik sortutakoa da».
Erkorekaren ustez, ez dago Uribetxebarria aske utzi beste aukerarik. Eta presoa libre uztea «legalitatearen garaipena» dela nabarmendu du. Legearen aplikazio zuzena egin dela uste du EAJko diputatuak.
Euskal presoak
«Gizarteak ez du nahi inor gehiago hiltzea gatazkagatik»
Herrira mugimenduak ohartarazi du Uribetxebarria preso daukaten egun bakoitzeko haren bizia arriskuan jartzen delaAntonio Basagoitik esan du Barne eta Justizia ministerioak «erabat ados» daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu