Espainiako Poliziak 24 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostian, sexu eraso ugari egin izana egotzita. Sare sozialen bidez ezagututako gutxienez bi neska adingabe bortxatu izana eta beste hamabosti jazarri izana leporatzen diote.
Ikerketak Nafarroan izan du abiapuntua; izan ere, Poliziaren arabera, akusatua ondoko herrialdeetara ere joaten zen sexu erasoak egitera. Nafarroako neska batek salatu zuen gazte bat harekin jarri zela harremanetan sare sozialen bidez, eta azkenik aurrez aurre elkartu zirenean neska bortxatzen saiatu zela. Ikerketa abiarazi zuten, eta, horren ondorioz, gizonezkoa 2022an atxilotu zuten lehenengo aldiz.
Gerora, atxilotutakoaren sare sozialak eta etxean zeuzkan gailu informatikoak ikertu dituzte, eta hor beste delitu batzuk leporatzeko frogak aurkitu dituzte. Horien arabera, akusatuak prozedura bera erabili zuen neska adingabe gehiago sare sozialen bidez topatzeko: haietako bi bortxatu zituen haiekin elkartzea lortu zuenean; eta beste hamabosti jazarri zitzaien, eta sexu harremanak izatea proposatu zien. Kasu guztietan, biktima guztiek hamasei urte baino gutxiago zituzten erasoak gertatu zirenean.
Froga horiek aintzat hartuz, joan den martxoaren 1ean berriro atxilotu zuten gizonezkoa, eta orain arteko informazioa epailearen esku jarri dute, baina ikerketak jarraituko du, sexu eraso gehiago egin ote duen argitu nahian.